Autokontsumorako energia fotovoltaikoa sortzeko kooperatiba sustatuko dute Donostian
Donostian autokontsumorako energia fotovoltaikoa sortzeko Ekiola kooperatiba sustatzeko hitzarmena sinatu dute Donostiako Udalak eta Ekiola Kooperatibak erakundeak. Eneko Goia alkateak, Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendariak eman dute hitzarmenaren berri, eta nabarmendu dute Donostia izango dela halako egitasmo bat garatuko duen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehenengo hiriburua.
Ekiola EEEk eta Mondragon taldeko Krean ingenieritza enpresak osatzen dute, eta Ansolak azaldu duenez, kooperatibak bat eta bost megawatt arteko -gero eta instalazio handiagoa, orduan eta megawatt gehiago- plaka fotovoltaikoen parke bat eraikiko luke Donostian: “Hiriak duen espazioarengatik, litekeena da irekiko dugun parkea megawatt batekoa izatea (hektarea batekoa), eta horrekin 350-400 familiarentzako energia sortu dezakegu. Ondoren, eskaria oso handia izango balitz, aztertuko genuke parke gehiago irekitzeko aukera”. Horrela, egitasmoarekin bat egin nahi duten herritarrek Donostiako Ekiola kooperatibarako kooperatibista bihurtuko dira, “energiaren ekoizpenaren eta kontsumoaren jabe izateko”. Hala ere, “soilik autokontsumorako behar duten energiaren jabe izango dira kooperatibistak, ez da espekulatzeko aukerarik izango”, argitu du Ansolak.
Alkateak nabarmendu du udalak hitzarmen honetan duen rola gauzak erraztearena dela: “Parkea jartzeko lursail egokia bilatuko dugu eta herritarrak kooperatibista izatera animatuko ditugu. Ziur gaude donostiarren ondo erantzungo diotela erronka honi”. Garmendiak azpimarratu du proiektua onuragarria izango dela hirirarentzat: “Ekimen honen bitartez eta finantziazio publiko-pribatua baliatuz, energia berriztagarria sortzeko herritarren kooperatibak eratzeko aukera planteatzen da, hiriaren jasangarritasun eta ingurumen politikekin bat etorriz eta bizimodu eta kontsumobide arduratsu berriak indartuz, hala nola etxe bakoitzak behar duen energia sortu eta kudeatzea, garbitasunez eta 0 kilometroko zerbitzu baten alde eginez”.
Ekiolari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, erakundearen webgunean informazio osagarria dago, baita egitasmoarekin bat egiteko bete beharreko inprimakia ere.