Donostiako kaleetan feriak jarriko dituzte udan
Kultur eta aisialdi jarduerak Donostiako kaleetara itzuliko dira uda honetan, eta horregatik, Donostiako Festak erakundeak hiriko kale eta plazetan feriak jartzea ahalbidetuko du; “bide publikoan 2021eko udan egingo diren kultur ekitaldiak direla eta, batetik, ekitaldi horien autofinantzaketa hobetzeko, eta, bestetik, hiriko jai egutegiarekin lotura ukaezina duten eta azken urtean geldirik eta diru sarrerarik gabe egon diren enpresa txikiei beren lan jarduera berreskuratzen laguntzeko helburuekin”.
Horrela, guztira sei feria jarriko dituzte Donostian: bi Sagusen, bat Katalunia plazan, bi Julio Caro Baroja plazan eta bat Easo plazan. Udako hilabeteetan jarri ahalko dituzte feriak, eta eskaerak hilaren 22ko 13:00ak baino lehen egin beharko dira, Donostiako Festak erakundearen inprimakia beteta. Feriak jarri nahi dituztenek erakundeak ezarritako oinarriak bete beharko dituzte, hala nola, ordutegia 11:30-23:00 izatea, asko jota.