Infernuaren aurkako epaiketa hasiko da gaur
Infernua Bizirik plataformak jakinarazi du Ibaetako Infernua auzunea “huste arriskuan” dagoela. Ertzaintzak otsailaren 6an auzunean hamalau pertsona identifikatu zituen, eta pertsona horien aurkako epaiketa gaur hasiko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak burutu du denuntzia, hamalau pertsona horiei “usurpazioa” egotzita.
Horren aurrean, epaitegiaren aurrean mobilizatuko dira gaur, eta “egun osoko egitaraua” prestatu dute. Herritarrak mobilizazioarekin bat egitera deitu dituzte: “Infernuaren alde egitea ez da soilik hiru eraikin defendatzea: guztiontzat etxebizitza eskubidea aldarrikatzea da, gentrifikazioaren aurka egitea da, ertzeko komunitateen alde egitea da, poliziaren erasoen aurka egitea da, hainbat zapalkuntza moten arteko aliantzaren alde egitea da… Infernuaren alde egitea Donostia modu erradikalean aldatzearen alde egitea da”. Musika ekitaldiak izango dira 11:00etatik aurrera, eta 19:00etan manifestazioa egingo dute, epaitegietatik abiatuta Gipuzkoa plazaraino.
Plataformaren arabera, Infernuan Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren hiru bloke daude okupatuta gaur egun: “Eraikin horiek 1980ko hamarkadatik abandonatuta zeuden, eta guk gutxienez sei urte daramatzagu barruan. Urte horietan guztietan aldundia ez da bere jabetzaz arduratu”. Horregatik, alde batetik, salatu dute aldundiak “bide penala” erabiltzea erabaki izana, “okupak zigortzea bilatzen duelako, eta ez eraikinaren jabetza berreskuratzea”. Era berean, hainbat galdera luzatu dizkiote aldundiari: “Zer egingo duzue kalean geldituko den jendearekin? Zertarako erabiliko duzue enpresa eraikitzaile pribatuek Infernuaren truk emandako dirua?”.
Bizilagunek gogoratu dute iazko azaroan Infernuko 60 bat bizilagun kaleratu zituztela, eta “kale gorrian” utzi zituztela: “Pertsona migranteek eta transmaribolloek ez daukate lekurik gaur egungo Donostian. Horregatik elkartu gara periferian, horregatik egin dugu komunitatea eta hartu dugu konpromisoa elkar babesteko. Azaroan, ‘fabrika’ eraikina modu ilegalean hustu zutenean, 60 bat migrante kale gorrian geratu ziren, eta batzuek estatutik alde egin behar izan zuten”.
Era berean, plataformak nabarmendu du Infernuan gertatzen ari dena hiriaren gentrifikazioaren eta politika publikoen ondorio dela: “Donostiako hirigintza plana argia da: erdigunea turistentzat eta klase altuenentzat gorde nahi dute, han dauden herritarrak periferiara bultzatuz. Infernua gune estrategikoa da horretarako. Gu gauden lekuan urbanizazio bat egin nahi dute, hiritik kanporatzen ari diren klase ertainentzat. Etxebizitzen erdia babes ofizialekoak izango omen dira, eta, horregatik euren burua zuritzen dute. Babes ofizialeko etxeak, ordea, familia nuklear zurientzat pentsatuta daude, ez dira edonorentzat irtenbidea. Adibidez, Infernuan okupatzen bizi garenok ez ditugu betetzen etxebizitza horietan sartzeko eskatzen dituzten baldintza sozialak eta ekonomikoak”. Hain zuzen, udalak beste pauso bat eman du Infernuko hirigintza plana garatzeko bidean.