Agurrak eta ongietorriak Realean
Kiana Palaciosek Reala utziko du ekainaren 30ean, eta Sansek Red Bull Salzburg taldeko Peter Pokorny erdilaria fitxatu du.
Kiana Palacios mexikarrak Reala utziko du denboraldia amaitzean. Kalifornian jaiotako aurrelaria 2018. urtean iritsi zen talde txuri-urdinera Los Angeles Galaxytik, eta ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua. Sare sozialen bidez zeharka adierazi du taldez aldatuko dela, “exited for what’s to come” (datorrenarekin zirraratuta) adierazi baitzuen, eta Mexikoko America edo Tigres taldeetako batera joateko aukera asko ditu. Realean eman dituen hiru denboraldietan hamazazpi gol sartu ditu Palaciosek, hamairu ligan eta lau kopan, eta guztira 72 partidu ofizial jokatu ditu. 2018/2019 denboraldiko Erreginaren Kopa irabazi zuen, eta lau gol egin zituen txapelketa horretan.
Mexikoko selekzioarekin egon da orain Palacios, eta 2020/2021 ligako azken bi partidak amaitzean bukatuko da Realarekin duen lotura.
Sansek, bestalde, fitxaketa bat aurkeztu du gaurkoan: Peter Pokorny gazte eslovakiarra. Red Bull Salzburgeko jokalariak Austriako St. Polten taldean jokatu du denboraldi honetan utzita, eta 29 partida jokatu ditu Austriako Bundesligan. Zelaierdian jokatzen du Pokornyk, pibote gisa, Turrientesen, Olasagastiren eta Gonzalez de Zarateren postu berean.