Bera Berak datorren denboraldirako taldea aurkeztu du
Tati Garmendia Bera Bera taldearen eskubakoi sekzioaren arduradunak eta Imanol Alvarez eskubaloi taldeko entrenatzaileak gaur prentsaurreko bidez 2021/2022 denboraldirako taldea berretsi dute, eta denboraldiaren hasieraren inguruko xehetasunak eman dituzte.
Atean, Alice Fernandes brasildarrak jarraituko du, eta Renata Laisen ordez Maddi Aalla egongo da aurten. Eskuin hegalekoak Maitane Etxeberria eta Adriana Cardoso izango dira, eta eskuin lateralean Malena Cavok eta Maria Prieto O’Mullonyk jarraituko dute. Zentral postuan Esther Arrojeria, Enma Boada eta Alba Menendez egongo dira, nahiz eta azken honek hainbat posiziotan jokatu dezakeen. Ezker lateralean, Mariane Fernandez, Laura Hernandez eta June Loidi egongo dira. Ezker hegalean Mirene Morenok eta Sara Gilek jokatuko dute, eta pibote postuan Eli Cesareo, Ainhoa Etxeberria eta Cristina Polonio arituko dira.
“Plantilla orekatua” dela adierazi du Tati Garmendiak: “Hamazazpi jokalari gara berriro ere. Espero dugu hiru lesionatuak berme guztiekin zelaira itzultzea datorren denboraldirako. Jokalari guztiek ardurak dituzten talde bat dela uste dut, baina denek ematen diote zerbait taldeari”.
Azken fitxaketei buruz ere hitz egin du Garmendiak. June Loidik defentsan “sendotasuna eta altura” emango duela adierazi du, eta Cristina Poloniok pibotean aniztasuna ekarriko duela dio, Eli Cesareorekin alderatuz pibote ezberdina dela azpimarratu baitu: “Mugikortasun gehiago du Poloniok, eta defentsan alternatibak emango dizkigu”, dio Garmendiak. Bestalde, Maddi Aalla atezain berriak Alice Fernandesekin “bikote ona” egingo duela uste du.
Entrenatzaileen taldean, Imanol Alvarezek kontratua izaten jarraitzen du, eta Alex Noguesek, Iñigo Blancok eta Nerea Urangak kontratua berritu dute.
Datorren denboraldia
Uztailaren 29ko arratsaldean hasiko dira denboraldi aurrearekin, eta abuztuaren 2tik aurrera “beti bezala” entrenatzen hasiko dira. Imanol Alvarezen ustez, joan den denboraldian lagunarteko partida “gutxi” jokatu zituzten, eta lehiaketara “justu xamar” iritsi zirela azpimarratu du. Hau dela eta, denboraldi aurre honetan partida gehiago jokatzea espero du Alvarezek, Superkopara ondo iristeko. Superkopa irailaren 4ean edo 5ean jokatuko dela aurreratu du Alvarezek.
Amma
Denboraldi aurre honetan prestakuntza fisikoa aldatuko dute Bera Beran. Ammma fisioterapia, traumatologia eta egokitzapen zentroarekin akordioa sinatu du Bera Berak datorren denboraldirako, eta zentroa arduratuko da jokalarien prestakuntza fisikoaz. Honi esker, jokalari bakoitzak jarraipen eta prestaketa indibidualizatua izango du.