Kutxak Egiako emakume bat eta bere semea etxegabetu nahi dituela salatu dute
Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez, Kutxa banketxeak Egiako bi bizilagun kaleratu nahi ditu: 76 urteko Rosario eta bere semea, 51 urtekoa; biek ala biek ezintasuna dute, %54koa amak eta %7oekoa semeak. Plataformaren arabera, alokairuaren kuotak ez ordaintzeagatik kaleratu nahi dituzte, eta horretarako eskaria egin du Donostiako 4. epaitegian. Horrela, ebazpenak datorren ostiraleko, hilaren 25eko, 10:30erako ezarri du etxegabetzea. Horren aurrean, Kaleratzeak Stopek iragarri du elkarretaratzea egingo duela astelehenean, hilaren 21ean, 11:00etan, Kutxak Garibai kaleko 15. zenbakian duen egoitzaren aurrean, “auzi-jartzaileari eskatzeko etxegabetzea eten dezala eta egoera zaurgarrian dagoen familia hori bere etxebizitzan mantentzea bermatu dezala”. Era berean, “alkatetzaren bitartekaritza” eskatu du Kaleratzeak Stopek, “bankuek eta inbertsio funtsek familia kalteberak beren ohiko etxebizitzetatik bota ez ditzaten arautzen baitu 2015eko irailaren 24ko osoko bilkuraren ebazpenak, Donostia etxegabetzerik gabeko hiria deklaratzen duenak”.
Plataformak azaldu duenez, Rosariok eta bere semeak alarguntasunagatik eta ezintasunagatik pentsioak kobratzen dituzte, eta, guztira, 1.020 euroko diru-sarrerak dituzte hilean. Egora “zaurgarrian” daudela nabarmendu dute, eta euren arazoa “duela 40 urte baino gehiago” hasi zela kontatu dute: “Rosarioren amak etxebizitza xume bat eraikitzen hasi zen bere kabuz, jabeei alokairu apal bat ordaintzen zien bitartean. 2012ko otsailean, Kutxak lursail hori esleitu zuen, jabeek ordaindu ezin izan duten mailegu baten berme gisa. Une horretatik aurrera, Kutxak, lehendik beste demanda bat jarri zuenak, ez du erregularizatu duela 40 urte baino gehiago hitzez adostutako kontratua, 1964ko HEL-k arautzen zituen ‘errenta zaharreko’ izenez ezagutzen zirenak”.
Bestalde, Kaleratzeak Stopek azaldu du errenta zaharreko iraupen mugagabeko kontratuak hauesteko modua kuotak ez ordaintzea edo etxebizitza hori beste bat eraikitzeko eraistea direla. “Kasu honetan, gizarte-zerbitzuen arabera bizigarritasun baldintzak biltzen dituen etxebizitza xumea familia horrek egin, ordaindu eta mantendu du. Eta ez dute etxebizitza Aldakonean, hirigintza-hedapeneko eremu batean, egotearen errurik”, gaineratu dute. Hain zuzen, udalak beste urrats bat eman zuen abenduan Aldakoneako hirigintza proiektua garatzeko, eta Egiako hainbat eragile aurka agertu ziren, espekulatibotzat jotzen baitute.