"Altza familia bat da"
Juan Bautista Cincuneguik (Buenos Aires, Argentina, 1970) bere arbasoen jaioterria eta kultura ezagutu nahi zituen –Zizurkilgoak ziren–, eta Donostiako Udalaren Urban Lur proiektuarekin bere helburua betetzeko aukera paregabea ikusi zuen. Izan ere, Altzako Molinao bidearen inguruan baratze profesional baten ardura hartzeko aukera eskaintzen zuen proiektuak, eta Cincuneguik hogei urtetik gora daramatza nekazaritzan lan egiten. Hiru hilabete eskas daramatza Altzan, baina, dioenez, beste inon baino gusturago dago han.
Argentinar bat Altzan. Nolatan?
Nire abizena Cincunegui da. Nire aitak arbaso euskal herritarrak zituen, eta asko hitz egiten zigun Euskal Herriaz, nahiz eta, nire ustez, ez zuen benetan ezagutzen. Berarentzat, mistika handi batek inguratzen zuen Euskal Herriarekin zerikusia zuen guztia. Besteak beste, familiaren armarria egin zuen.
Horrela, oporraldi batean Donostiara etorri ginen, eta nire arbasoen herria ere bisitatu genuen: Zizurkil. Oso lotura estua izan dut beti lurrarekin, eta Zizurkilen buruak eztanda egin zidan, herriak lurrarekin zuen harremanarengatik.
Horiek horrela, zergatik nagoen hemen? Nire sustraiak ezagutzeko. Oso bidaiaria naiz, Latinoamerikatik eta Asiatik asko bidaiatu dut. Horregatik, Begoñak [Goxo-rrubi baratzeko arduradunak] Urban Lur proiektuaren berri eman zidanean, esan nuen: ‘Donostia Zizurkilen ondoan dago, eta nik kultura hori ezagutu behar dut’.
Aurretik nekazaritzaren munduan lan egindakoa zara?
Hogei urte daramatzat nekazaritzan lan egiten. Nekazaritza organikoa eta birsortzailea lantzen dut.
Zertan datza nekazaritza birsortzailea?
Nekazaritza birsortzailean, hondatuta dagoen zerbaiten gainean egiten dugu lan. Hau da, landa ekosistemak, lurra eta mikrobiologia leheneratuz egiten dugu lan. Horretarako, antzinako teknikak eta urteekin hobetutakoak erabiltzen ditugu.
Orduan, nekazaritza tradizionalaren antzekoa da? Produktu kimikorik gabe, eta abar.
Krisian dauden bi kontzeptu bota dituzu: nekazaritza tradizionala eta kimikorik gabekoa. Izan ere, Europako kontsumo ereduan, produktu bat ekologikoa dela esaten dugunean, esan nahi du ez daukala pozoirik edo produktu kimikorik.
Nekazari birsortzaileok, noski, ez dugu pozoirik erabiltzen; zure platerean ez duzu pozoirik jarri nahi, gauza logiko bat da, ezta? Hortik abiatuta, planteatu behar dugu ea zer den modu ekologikoan ekoiztea. Ez da oso konplexua, natura behatzea eta haren sistemak imitatzea baino ez da. Natura arretaz begiratzen baduzu, ikusiko duzu nola birsortzen den bere kabuz. Ez da gauza bera modu ekologikoan ekoiztea eta produktu kimikorik gabe ekoiztea. Gure erronka da balio biologiko eta nutrizio balio handiko produktuak modu ekologikoan ekoiztea. Bestalde, nekazaritza tradizionalaz ari garenean, gauza batzuk oso ondo daude eta beste batzuk ez. Baserrietan betidanik erabili izan diren teknika batzuk ez dira onak, nolabait lurra suntsitzen dutelako. Horregatik, urteekin teknika horietako batzuk hobetu egin ditugu.
Zenbat denbora daramazu hemen?
Bost bat hilabete. Urban Lurreko baratze honen ardura eman zidatenean, Argentinara joan nintzen landa ekologikoko proiektu handi batean lan egitera, eta, horren ondoren, hemen egin nahi nuena oso argi izanda etorri nintzen.
Erronka nagusia da gertuko ekoizpenerako eredu batzuk garatzea, herritarrak loditu ez ezik elikatu ere egiteko. Nire helburua da elikagaien ekoizpen sistema deszentralizatzea, hori baitzen baserritarren lan egiteko modua. Gaur egun, jendeak ez duenez lurra lantzeko aukerarik, eta ezagutzak galdu dituenez, gustatuko litzaidake hirien kanpoaldean Urban Lurren moduko proiektu txikiak egotea. Horien bidez, nekazaria modu duinean bizi ahal izan dadin eta bere ingurukoak elikagai biologikoekin hornitu ahal izan ditzan.
Zer produktu ari zara hazten?
Polilaborantza lantzen dut. Pentsa, maien kulturan, hektarea bakoitzeko 70 landare mota baino gehiago lantzen zituzten. Horregatik, monolaborantza aberrazio bat iruditzen zait. Nik askotariko barazkiak hazten ditut: tomatea, pepinoa, alberjinia, kalabaza, letxuga, errukula, eta abar.
Ekoizten duzuna auzoan salduz, Altzako gizartean murgildu zara, ezta?
Hori da niretzako esperientzia honen gauzarik zoragarriena. Begira, nik 50 urte ditut, eta ez naiz inoiz batere iaioa izan sare sozialekin. Ordea, beti gustatu izan zait idaztea, eta, hona heldu nintzenean, Altzako sare sozialetan [Facebookeko Altzako bizilagunen taldean] egunerokotasunean baratzetik pasatzen den jendearekin gertatzen zaizkidan gauzak idazten hasi nintzen. Jendeari gustatu zitzaizkion nire istorioak, eta ahoz ahokoak berea egin zuen: jendea baratzera etortzen hasi zen, nire barazkiak erostera. Horrela, auzoko jendeari saltzearen helburua betetzen ari naiz, eta dagoeneko baratzea bideragarria da. Hala ere, alde soziala da garrantzitsuena: jendeak proiektu honekiko sortu duen enpatia.
Gustura zaude Altzan?
Altzako jendea maite dut, elkartasun handia jasotzen ari naizelako. Hego Amerikan, krisi politiko eta ekonomiko sistematikoek eragindako gizarte desintegrazio handi batetik gatoz, eta jendea mesfidati bihurtu da; elkartasuna ere badago, baina azaleratzea hemen baino zailagoa da. Hemen bizitzen ari naizena, ordea, ikaragarria da niretzat. Adibide batzuk jartzearren: jantzita daramatzadan botak bizilagun batek oparitu zizkidan, askotan janaria ekartzen didate, haziak eta aldaxkak erostera eramaten naute eta, gaur bertan, [elkarrizketa hau apirilaren 23an egin zen] bizilagun bat likore batekin etorri da, nirekin titarekada pare bat hartzeko. Horrek ez du preziorik, eta, horregatik, ez naiz ia Donostiara jaisten, gustura nago hemen. Kontatu didatenez, Altzako nortasun propioarekin zerikusia du bizitzen ari naizen horrek.
Altzan bizi zara?
Bai, logela bat alokatu dut. Eta Donostiako gunerik turistikoenean etxe bat emango bazenit ere ez nintzateke joango, hemen geldituko nintzateke betirako. Asko bidaiatu dut, eta hemen gertatu zaidana ez zait beste inon gertatu. Altza familia bat da.
Urban Lurreko gainontzeko nekazariekin harremana daukazu?
Harreman handia daukagu. Niretzat, nekazari guztiak lagunak gara, eta asko laguntzen dugu elkar.
Zure sustraiak ezagutzea lortu duzu?
Hein batean bai. Euskal kultura maite dut, eta ez soilik Argentinan nuen iruditeriarengatik, baizik eta hemen bizitakoengatik. Horrela, ez dakit zergatik, baina lurrarekin, edo, Latinoamerikan esaten dugun moduan, pachamama-rekin dudan loturak nolabait Euskal Herriarekin lotzen nau.
Euskara ikastea falta zaizu!
Gustatuko litzaidake! Ez daukat euskaltegi batera joateko denborarik, baina hemendik pasatzen direnek gauza batzuk irakasten dizkidate.
Hemen geldituko zara?
Urban Lur proiektuko kontratuak hiru urterako dira, eta oso eskertuta nago, baina nekazaritza organikoa egiteko hiru urte izateak ez du ez hanka ez buru. Izan ere, guk asko hobetzen dugu lurra, eta hiru urte oso denbora gutxi da hori ondo aprobetxatzeko; gutxienez hamar urte behar dituzu. Kontratua luzatzeko aukera emango balidate, baliteke baietz esatea, oso gustura bainago hemen.
URBAN LUR PROIEKTUA
Donostiako Udalak duela urtebete inguru abiatu zuen Urban Lur proiektua, zero kilometroko hirian zero kilometroko baratzeko produktuen kontsumoa sustatzeko helburuarekin. Altzako Auditz Akular eremuan kokatutako 4.000-6.000 metro koadro inguruko sei baratze profesional hartzen ditu bere gain proiektuak; guztira, 2,7 hektarea. Udalak lursaila bera, ur hornidura, 380 metro karratuko negutegi bat, ibilgailu mekanikoentzako sarbidea, eta nekazaritza arloko aholkularitza teknikoa jarri ditu, eta hiru urterako alokatu dizkiei lursailak erabiltzaileei. Sei baratzetako bost norbanakoren ardurapean daude, eta bestea Caritasen esku dago, gizartean integratzeko arazoak dituzten pertsonei lan aukera okupazional bat eskaintzeko.