Emaitza onak lortu dituzte Azparren anaiek Espainiako Erlojupeko Txapelketan
Costa Blancan egiten ari dira Espainiako Txirrindularitza Txapelketa, eta Azparren anaiek emaitza onak lortu dituzte erlojupeko diziplinan. Enekoitz Azparrenek 23 urtez azpiko kategorian hartu du parte, eta hirugarren geratu da, Igor Arrieta nafarraren eta Pablo Garcia madrildarraren atzetik. Arrietak 31’57” egin du, Garciak 32’7” eta Enekoitzek 32’12”.
Xabier Mikel Azparrenek senior kategorian hartu du parte, eta ibilbidearen erdian hirugarren denbora onena zuen donostiarrak, 20’40” denborarekin. David de la Cruz zen lehenengoa, 20’20” denborarekin. Hala ere, ibilbidearen bigarren zatia gogorragoa egin zaio Xabier Mikeli, eta hamargarren postuan amaitu du txapelketa, 41’43” denborarekin. Ion Izagirrek irabazi du urrezko domina, 40’19” denborarekin.
Maiatzean Xabier Mikel Azparren elkarrizketatu zuen IRUTXULOKO HITZAk, eta bertan adierazi zuenaren arabera, erlojupekoa da txirrindularitzaren munduan hoberen moldatzen den modalitatea, nahiz eta oraindik ez dagoen ohituta erlojupeko luzeak egitera.