Gipuzkoako ostalaritza enpresari handienek 16 milioi euro erreklamatu dituzte
Gipuzkoako 134 ostalaritza enpresak, Hispajuris – Sunion abokatu bulegoaren aholkularitzarekin, guztira 16 milioi euro erreklamatu dizkiote Espainiako Estatuari. 134 ostalaritza enpresa horietatik %60 Donostiakoak dira, eta gainontzekoak Gipuzkoako beste herrietakoak dira. Gipuzkoako ostalaritzaren patronaleko idazkari nagusiak, Kino Martinezek, adierazi du erreklamazioak jarri dituzten enpresa gehienak handiak direla.
Bazaz beste, 128.911 euroko erreklamazioa jarri du enpresa bakoitzak, baina eskari txikiena eta handiena egin dutenen artean ezberdintasun handia dago: erreklamazio baxuenak 3.000 eurokoak dira, eta handienak milioi bat eurotik gorakoak. Bestalde, Martinezek azpimarratu du tabernez gain jatetxeak, diskotekak eta hotelak daudela.
Erreklamazioen prozedurak
Gaur amaitzen da erreklamazioak aurkezteko epea, eta Ogasun Ministerioko Ogasun Idazkariordetzako Idazkaritza Tekniko Nagusiak tramitatu eta ebatziko ditu; guztira sei hilabeteko epea izango dute ebazpena egiteko. Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak adierazi duenaren arabera, bi modutara amaitu daitezke erreklamazioak: lehenik eta behin, patronalak dio administrazioak erreklamazioak osorik edo zati batean onartu ditzazkeela, baita guztiz ezeztatzea ere; bestalde, patronalaren arabera aipatutako sei hilabeteak igaro ostean ebazpenik ez ematea gertatu daiteke. Azken hau gertatu ezkero, bide judizialari ekingo diotela azpimarratu du patronalak.