Ostalaritzaren eta kultur jardueren itxiera ordua luzatu, eta elkarte gastronomikoak irekiko dituzte
Gaur arratsaldean elkartu da LABI batzordea, eta pandemiaren bilakaera positiboa dela eta, EAEn ostalaritzaren eta kultur jardueren itxiera ordua 00:00etatik 02:00etara aldatzea erabaki dute. Bestalde, elkarte gastronomikoak irekitzea ere erabaki dute batzordean, zortzi hilabete itxita eman ostean.
Aldaketa hauek osasun egoeraren datu nagusien hobekuntzak ahalbidetu dituela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Zehazki, EAEn intzidentzia metatua 125ekoa da, eta ZIUen okupazio maila 5etik 2ra jaitsi da. Bestalde, heriotza datuak joan den udatik “baxuenak” dira.
Gaur arratsaldean LABI batzordeak hartu dituen erabakiak bihar, larunbatean, jarriko dira indarrean, dekretu berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agertzean. Hauek dira zehazki batzordeak onartutako neurriak:
- Ostalaritza eta kultur jardueren itxiera ordutegia 02:00etara luzatuko da, eta terrazetako eta barruko mahaietan gehienez sei pertsona eseri ahal izango dira.
- Merkataritzan eta antzeko jardueretan %60ra igoko da edukiera, baita terrazetan ere. Ostalaritza establezimenduen barnean %50ekoa izango da.
- Kirol ekitaldietan, sozialetan eta kulturaletan edukierak 600ekoak izango dira barruan, eta 800ekoak kanpoan. Guztira 1.600 eta 5.000 arteko pertsonako edukiera duten lekuetan, berriz, edukiera 800ekoa izango da gehienez barruan, eta 1.200ekoa kanpoan. Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, berriz, gehienezko edukiera %30ekoa izango da.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.
Neurri berriak plazaratzeaz gain, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du osasun egoeraren bilakaerak positiboa izaten jarraitzen badu, 15 edo 20 egun barru LABI batzordea berriro elkartuko dela, murrizketak berriro ere malgutzeko, edo egoeraren arabera, osasun larrialdia ezeztatzeko. Hala ere, lehendakariak adierazi du oraindik tentuz ibili behar garela; izan ere, koronabirusaren aldaeren “mehatxuak” bizirik jarraitzen duela azpimarratu du.