Arrobitxulo parkeko bolatoki berria eraikitzeko lanak bukatu dira
Bolatoki estaliaz gain, petanka, toka edo potearen jokoa ere izango ditu eraikin honek.
Auzotarrek 2019. urteko aurrekontu partehartzaileen bidez eskatutakoa da proiektu hau eta Ekialdeko Barrutiko Batzordearen bidez bideratutakoa.
2010. urtean topoaren obrek kirol gune batzuk kendu zituztenez, horiek berreskuratzeko konpromisoa bete du udalak. Arrobitxuloko kirol-eskaintza osatuko dute adineko pertsonentzako gimnasia-parkeak, rokodromoak eta ‘pump track’ pistak (bizikletentzako zirkuitua), bai eta haurrentzako jolasak dituen karpak ere.
Kirol materialarentzako biltegi txiki bat eta ikusleentzako gune bat ere izango ditu. Guztira 695 metro karratu ditu eta kostua 175.000 eurokoa izan da.