Beste lau urtez arituko dira Ondarretako harriak kentzen
Ondarretan urteak badaramatzate ere harriak kentzen, oraindik ezin izan dituzte denak kendu, eta Kostaldeko Zuzendaritzak baimena eman dio Udalari datozen lau urteetan harriak kentzeko lanekin jarraitzeko. Miguel Angel Diez Hiri Mantenimenduko zinegotziak nabarmendu du “azken urteotan hondartza honetan protagonista izan den arazoari behin betiko irtenbidea emateko aukera” ematen duela baimenak. “Dagoeneko 11.500 tona harri atera dira bertatik, baina datozen lau urteetan bolumen handia ateratzea espero dugu”, gaineratu du Diezek. Hain zuzen, datozen lau urteetan beste 9.000 tona harri kentzea aurreikusten dute.
Zinegotziak gogorarazi du historian zehar Ondarretako eremuan egondako eraikinen hondarrak direla harri horiek: Maniobrak egiteko eremu militarretakoak, Ondarretako espetxekoak, zaldi pistetakoak eta korronteen eta haizearen eraginez azaleratzen hasi diren beste eraikin batzuetakoak. Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean egin dituzte azken urteotan harriak kentzeko lanak, eta Diezen arabera, “udala inplikatu egin da arazo honen konponbidean, eta beharrezko makineria ere eskuratu du, lan horretan ari diren traktore bat eta despedregadora bat, esaterako. Gero eta harri gutxiago dagoenez, zailagoak dira harrapatzen, baina espero dugu hurrengo lau urteetan arazoa adierazpen minimo batean geratzea”.