Dominaz beteriko asteburua Espainiako Arraun eta Atletismo Txapelketetan
Joan den asteburuan Espainiako Arraun Olinpiko Txapelketa egin da Legution (Araba), kadete, gazte, 23 urtez azpiko eta senior kategorietan. Bestalde, Nerjan (Malaga, Andaluzia) 23 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketa eginda, eta bi txapelketetan dominak lortu dituzte kirolari donostiarrek.
Arraunean, Donostiako Ur Kirolak eta Arraun Lagunak taldeak joan ziren txapelketara, eta Ur Kirolakek zilarrezko domina bat eta brontzezko beste bat eskuratu zituen. Lehena kadete mailako skiffean iritsi zen garaipena, Beñat Santosen eskutik. Bestalde, gazte mailako mutilek zilarrezko domina lortu zuten 4+ ontzian; Ekaitz Otegi, Eneko Lete, Ander Balda eta Jon Ortiz de Guineak egin zuten arraun, eta Maddi Elizasu izan zen lemazain.
Koxme Burutaran arraunlari donostiarrak ere emaitza bikainak lortu zituen Raspas del Embarcadero talde bizkaitarrarekin: bi urrezko domina. 23 urtez azpiko skiffean irabazi zuen lehen urrea, eta gero senior mailako 4x ontzian iritsi zen bigarrena.
Atletismoan, Reala eta Donostiako Atletiko Nerjan egindako txapelketara joan ziren, eta txuri-urdinek zazpi domina eskuratu zituzten. Eneko Carraskal izan zen atleta azpimarragarriena, urrezko eta brontzezko domina bana lortu baitzituen, jauzi hirukoitzean eta luzeerako jauzian. John Cabang 110 metro hesietan bigarren izan zen, eta Aimar Arreitunandiarekin, Ibai Fernandezekin eta Ander Urangarekin batera 4×100 metrotan urrea irabazi zuen. Iñigo Ugenak brontzea lortu zuen pertigan, eta Aitor Urkia ere hirugarren geratu zen mailu jaurtiketan. Azkenik, Julen Diezek 400 metro hesietan ere brontzezko domina eskuratu zuen.