Tytti Thusberg disenatzailearen 'Dotoretasun birziklatua' erakusketa ikusgai dago
Tytti Thusberg moda iraunkorreko diseinatzailea da. Izatez finlandiarra den arren, Donostiako Egia auzoan bizi da, eta bertan dauka estudioa ere. Jantzigintza artisaua, goi-mailako joskintza eta moda diseinuko ikasketak ditu.
Aurkezten duenaren oinarria, ahaztutako, berreskuratutako eta berritutako dotoretasuna da. Izan ere, erakusketan arropa abandonatuak zein higatutako parpailak ikus daitezke; bai eta kolore beltzaren mistizismoa eta tonu gordinen espiritualtasuna sumatu ere.
Urteak pasa ahala, “moda geldoa” sortu du artistak askotariko materialak bildu ostean, modu patxadatsuan baina etengabean, hondatutako ehunekin. Denboraren iragaitearen hauskortasunean eta denboraz kanpoko estiloan oinarritzen da, eta bere estudioan jantzi artisau paregabeak egin ditu material bakoitzaren arima errespetatuz.
Erakusketa ikusgai egongo da irailaren 5era arte.
Bisitatu daiteke asteartetik ostiralera: 16:00etatik 20:30era (ekainaren 23tik aurrera, 10:00 – 14:00). Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:00etara eta igandeetan 10:00etatik 14:00era.