Beti dago bat Antiguan...
Barrexerka hilabete honetan Antiguan izan da, eta auzolotsa ematen duten zenbait bizilagunekin egin dute topo. Tuneletik beste aldera joaten ez den horietako batekin egin dute topo Platero tabernaren inguruan, eta turista galdu batekin Ondarretan, motxila handia bizkarrean duela, aterpetxearen bila. Ondarretako txalet batean bizi den neska bat Tenisera bidean aurkitu dute, eta bizkaitarren bat ere bazebilen Matia kaletik. Antiguako jaien egutegia erabakitzen duenari aurpegia estali behar izan diote, segurtasun arrazoiengatik.
Auzolotsak atala sortu dute Irutxuloko Hitzak eta Barrexerkak: esketx sorta bat da, eta hilabetean behin Donostiako auzo batean izango dira Barrexerkakoak, auzo bakoitzeko pertsonaiak ezagutu eta barrea eragiteko. Gros auzoan estreinatu zuten atala duela hilabete, eta oraingoan, Antiguara joan dira.