"Hemendik aurrera gauzak ikusleekin hasiko gara egiten"
Ostegunean LarPau ta Jo talde akustikoak eskainiko du kontzertua gaztetxean, eta Biren taldeak uztailaren 1ean. Jon Iriarte Mendiolarekin hitz egin dugu kontzertuen eta gaztetxearen egoera berriaren gainean.
Nolatan aukeratu dituzue bi talde hauek?
LarPau eta Jo auzoko jendearen taldea delako. Bestalde, Biren taldeak Barrura begira izeneko bigarren lana argitaratu berri du, eta gurean aurkeztuko dute lehen aldiz. Bi kontzertuak akustikoak dira.
Uste duzue garrantzitsua dela tokiko gazteak babestea?
Bai, noski. Txantxarrekan auzoko eta Donostialdeko talde nahiz proiektuek garrantzia handia dutela uste dut. Nolabait, hasi berriak diren edota baliabide gutxi dituzten egitasmoei lekua eskaintzen ahalegintzen gara. Baliteke baliabide tekniko eta ekonomiko aproposenak ez izatea, baina gabezia horiek gertuko tratuarekin orekatu daitezke. Beti ere gurera datozen taldeek autogestioarekin bat egiten badute, hau ez delako areto bat. Egia da urte zaila izaten ari dela inguruko musika proiektuentzat, musikari guztiek ez baitute zuzenean jotzeko aukera. Horren aurrean alternatibak izatea ezinbestekoa da.
Momentuz formatu txiki edo akustikoko kontzertuak antolatu ditugu, egoerak ahala eskatzen duelako. Aurrerantzean, ordea, ohiko jardunera bueltatzea da asmoa.
San Joan jaiengatik antolatu duzue kontzertu hau?
Ez, kasualitatea izan da egun berean tokatu izana. Asanbladak antolatzen ditu kontzertuak, eta lehen kontzertua izango da hau ikusleekin egingo duguna pandemia egoera hobetu ostean, beti ere edukiera mugatua kontuan izanda. Datorren astean, hilaren 1ean, Biren taldea izango dugu.
Orain arte zailtasunak izan dituzue horrelako gauzak antolatzeko?
Bai. Txantxarrekako areto nagusi edo solairu hori nahiko txikia da, orduan horrek asko mugatu izan du orain arte edukiera aldetik jendea sartzeko aukera. Askotan pentsatu izan dugu kanpoan dugun terrazatxoan gauzak antolatzea, aire librean beti ere garai honetan hobea delako, baina kasu horretan ere soinuarekin arazoak izaten dira. Musikaz gain, edukiera mugatua izan denez, gauzak egin dira, baina gehiegi iragarri gabe, kontuan izanda jende gutxi sartzen dela.
Zenbat denbora daramazue kontzerturik egin gabe?
Konfinamenduaren aurretik. Azkenekoak 2020ko urtarrilean izan ziren, Jotakie eta Plan B taldeenak, Antiguako jaietan, eta Apalatxe eta Paradoxus Luporum taldeenak 2020ko otsailean. Horiek izan ziren azken kontzertuak. Ikusleekin izan ez den kontzerturik ez da egin.
Zer espero duzue San Joan egun horretan? Giro handia izango da ala jendea beldurtuta izango da joateko?
Bueno, sarrerak posta elektroniko bidez eskatu behar ziren, eta gutxi gorabehera jada beteta dago. Edukiera ez da oso handia, 30-40 bat lagun izango dira.
Zenbat balio dute sarrerek?
Aste honetakoek 3 euro. Datorren astekoa, Biren taldearen kontzertua, elkartasun kontzertua izango da: etekin guztiak Chiquillos y en el Campo elkartera bideratuko baitira, tutelapean dauden haur eta gazteekin lan egiten duten egitasmora. Honen sarrerak 5 euro balioko ditu.
Gaztetxeari dagokionez, jada COVID-19aren aurkako neurriak asko lasaitu dira. Uste duzue horrek gauzak antolatzeko aukera erraztuko duela?
Bai. Egia esan, hemendik aurrera gauzak publiko guztiarentzat hasiko gara egiten, beti ere oraindik edukiera zainduta. Txikia denez eta edukiera kontuan izan behar denez, oraindik ezin ditugu gauza handiak egin, baina behintzat orain udan nik uste dut lasaiago gaudela. Eguraldi onarekin gainera terraza aprobetxatu ahal izango dugu, eta horrek asko lagunduko digu.
Orduan, uste duzu udari begira gauza gehiago egin ahal izango dituzuela?
Bai, gauza gehiago eta maiztasun gehiagorekin. Orain arte egin ditugun gauza asko gure artean izan dira, gehiegi iragarri gabe, jakinda jende gutxi etor daitekeela. Orain jada gero eta jende gehiago bildu ahal izango dugu, orduan zabalduko ditugu, kartelekin eta abar.
Gaztetxeko asanbladako kideak nola zaudete? Nekatuta ala indartsu?
Bueno, beti daude gorabeherak. Egia da urte arraroa izan dela, baina orain uda dator, eta jendea motibatuta dago; neurriak lasaitu ahala proposamen gehiago iristen dira, orduan garai polita da orain. Hilabete batzuetan neurri oso zorrotzak izan dira, eta ondorioz gauza oso gutxi egin dira. Egia da Donostialdeko kolektibo asko bertan elkartzen direla, baina hemendik aurrera ikusleak gehitzen joan ahala jardunaldiak edo ekitaldiak areagotu egingo dira. Orain neurri lasaiekin motibatuta eta gogotsu gaude.