Bertan behera utzi dute Kutxabank Egian egitekoa zen etxegabetzea
Rosario eta bere semea euren etxean geldituko dira, Egiako Aldakonea eremuan. Izan ere, Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenez, bertan behera utzi dute Kutxabank banketxea ostiralean, hilaren 25ean, egitekoa zen etxegabetzea, Donostiako laugarren instrukzio epaitegiak Rosarioren defentsaren alegazioa tramitatzeko onartu ostean.
Joan den astean eman zuen Kaleratzeak Stopek Kutxabanken etxegabetzearen asmoaren berri, eta astelehenean egin zuten hura salatzeko agerraldi publikoa. Rosario %54ko ezintasuna duen 76 urteko emakume bat da, eta 51 urteko bere semearekin bizi da; horrek %70eko ezintasuna du. 1960ko hamarkadatik bizi dira Aldakonean, eta orain, Kutxabakek etxetik botatzeko asmoa du. Rosariok hilean 1.020 euroko diru sarrerak ditu, eta 1960ko hamarkadatik errenta zaharreko alokairu bat ordaintzen ari da. Hala ere, 2012an Kutxabank etxeaz jabetu zen, eta ez zuen kontratu harremana erregularizatu. Hain justu, Kutxa Fundazioa eta Donostiako Udala Aldakoneako hirigintza plana garatzen ari dira, eta hainbat eragile aurka azaldu dira.
Bestalde, plataforma pozik agertu da, datozen egunetan alkatetzarekin bilera bat egitea lortu baitute, Rosarioren eta bere semearen egoerari irtenbide bat emateko. Helburua Kutxabankek errenta zaharreko kontratu horren segurtasuna bermatzeko konpromisoa hartzea, horrela, kuotak ez ordaintzeagatik helegite bat jarri ez dezan.