Cristina Enea Fundazioak Donostiako 2020ko Iraunkortasun eta Klimaren Txostena aurkeztu du
Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiak Donostiako Iraunkortasunaren eta Klimaren Urteko Txostena argitaratu du gaur, 2020ko datuekin. Txostena klima-aldaketaren aurkako borrokaren eta egokitzapenaren ikuspegitik planteatzen da, eta hiriko bizi-kalitatea eta ongizatea ebaluatzeko erabakigarriak diren beste esparru batzuei buruzko informazioa ere ematen du. 50 adierazletik gorako panelak eta datu garrantzitsuek haren bilakaera aztertzen dute, lortutako informazioa ponderatuz.
Txostenaren egileek adierazi dutenez, goiz da pandemiaren inpaktua perspektibarekin neurtzeko, baina “hiri-metabolismoaren funtsezko fluxuetan ikusitako zenbait aldaketa” jaso ahal izan dituzte.
Txostenak 50 adierazle inguru biltzen ditu, 6 multzotan sailkatuta: Lurraldea, Mugikortasuna, Energia, Ekonomia zirkularra, Bizi-kalitatea eta Berotegi-efektuko gasen emisioak. Mugikortasunaren esparruan, adibidez, hiri barruko garraio publikoaren erabilera jaitsi egin da: 110 bidaia biztanle bakoitzeko, 2019ko 179 bidaien aldean. Bizikletaren erabilera, bestalde, %14 igo da.
Berotegi-efektuko gasen isurketei dagokienez, bildutako azken datuek (2019koak) erakusten dute murrizketa egon dela bi urteko igoeraren ondoren, % 6,02 aurreko urtearekin alderatuta, 2016tik jada hautemandako goranzko joera geldiaraziz. Emaitza onak ematen dituen beste alderdi bat hiriko airearen kalitatea da, udalerrian dauden neurketa-estazioen bidez aztertu dena. Urtean airearen kalitatea “oso ona” edo “ona” izandako egunak % 97 izan dira Puioko estazioan adibidez.