Udalak handitu egin ditu eraikinen irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzak
Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek sinatu duen ebazpenaren bidez, Donostiako Etxegintzak 2,6 milioi euro bideratuko ditu bizitegi-eraikinen eta etxebizitzen birgaitzea diruz laguntzera.
Hiru mota ezberdinetako lanek jaso ahal izango dute dirulaguntzak: Irisgarritasuna eta Eraikinen Azterketa Teknikoarekin lotura duten elementu komunak; energia-eraginkortasuna eta isolamendu akustikoarekin lotura duten elementu pribatuak, eta hainbat etxebizitzetako birgaitzea; eta alokairuan jarri nahi diren hutsik dauden etxebizitzen birgaitzea.
Arzallusek sinatutako ebazpenak lehentasunezko birgaitze beharra duten hainbat gune zehazten ditu, igogailurik, arrapalik eta plataforma instalaziorik ez duten etxebizitzak kontuan izanda. Helburua da gune horiei irisgarritasunarekin lotura duten dirulaguntzak handitzea. Hauek dira zehaztutako guneak: Altza, Egia, Intxaurrondo, Loiola, Martutene eta Miracruz-Bidebieta auzoak eta Morlans, Heriz-Aitzgorri, Añorga, Errekalde, Manteo, Amara Zaharra, Parte Zaharra, Sagues, Iza, Igeldo, Ospitaleak eta Hipódromo-Bugatiko eremuak. Laguntzak %20 eta gehienez 20.000 euro izatetik, %30 eta gehienez 30.000 eurokoak BEZ gabe izatera pasatuko dira.
Dirulaguntzak eskatzeko epea ekainaren 29an 9:00tan hasiko da eta azaroaren 2an 14:00tan amaituko da. Lehenago buka daiteke diru kopurua amaitzen bada; kasu horretan, zinegotzi delegatuaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko litzateke, baita Udalaren web gunean ere.
Pertsona fisikoek modu elektronikoan egin ahal izango dute eskaera udal webgunean, B@kq ziurtagiri elektronikoa erabiliz, edo modu presentzialean aurretiko hitzordua eginda Donostiako Etxegintzako bulegoan (San Martzial kalea 2) 9tik 14ra astelehenetik ostiralera, baita Udalinfoko bulegoetan ere. Bestalde, pertsona juridikoek, eskaera modu elektronikoan egin beharko dute, udal webgunearen bidez.