Arima Soul donostiarrek zazpi hazbeteko single berria argitaratu dute
Arima Soul talde donostiarrak bere bigarren diskoa argitaratu berri du. Oraingoan, zazpi hazbeteko binilozko single bat izan da, eta Enlace Funk kultur aldizkariarekin elkarlanean argitaratu dute. Ez gara ikusten besti propioak eta Marie Queenie Lyonsen See And Don’t See abestiaren bertsio batek osatzen dute lana, eta aipatu hedabidearen webgunean dago salgai.
Donostiarrek 2020aren amaieran argitaratu zuten euren lehenengo EP-a, taldearen izen berekoa, eta Enlace Funk sarietarako hautatu zuten ondoren, talde berri onenaren kategorian. Horrela, Enlace Funk aldizkariak zazpi hazbeteko hiru binilo argitaratzen ditu urtero, eta Arima Soulena izango da ekaineko alearekin joango dena.
Lidia Insaustik (ahotsa), Mikel Makalak (baxua), Paul San Martinek (pianoa) eta Hilario Rodeirok (bateria) osatzen dute taldea, eta euskarazko soula eta rhythm & bluesa egiten dute. Hedabide honek Makalarekin eta Insaustirekin hitz egin zuen otsailean, eta argi utzi zuten euren helburua: “Gure apustua soula euskaraz egitea da”.