"Hizkuntzara moldatzea pertsona immigranteen arazo nagusienetariko bat da"
Hiritarron Harrera Sarea boluntario bila ari da gazteei gaztelania klaseak emateko.
Hiritarron Harrera Sarea pertsona immigranteei bizitza duin bat bilatzen laguntzen dien elkartea da, gobernuen erantzun falta dela eta. Laguntza bila datozen immigranteek hainbat behar izaten dituzte: tokiko hizkuntza ikastea, janaria, arropa… Askotan gazteak izaten dira behar horiek behar izaten dituztenak, eta horiek lortzen laguntzen die elkarte honek. Jarduera batzuk urte osokoak izaten diren arren, udarako soilik izaten direnak ere izaten dira. Horien artean, Udarako gaztelania klaseak emateko bountario bila ari dira orain. Izena emateko 635-71 20 81 telefonora deitu edota redacogidaciudadana@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.
Zergatik antolatu duzue ekimen hau?
Hizkuntzara moldatzea pertsona immigranteen arazo nagusienetariko bat delako. Parte hartzeko baldintza bakarra 16 urte baino gehiago izatea da, eta irakasteko eta hitz egiteko gogoa izatea. Ekaina, uztaila, abuztua eta iraila da epea, eta gutxieneko konpromisoa hilabete bat. Honez gain, elikagai bilketak eta banaketak, mentoretza soziala… eta horrelako ekimenak ere egiten ditugu.
Hizkuntza da behar nagusienetarikoa, arropa edo janariaren gainetik?
Ez, janaria eta arropa beharra ere asko izaten dute, kalean daudenek batez ere. Oinarrizko beharrak dira, guztiak garrantzitsuak.
Nolakoa da hizkuntza ikasi behar duten immigranteen profila?
18-25 urte bitartekoak dira. Udan urtean zehar egiten duten formazioa bukatzen dute, orduan momentu egokia da hizkuntza ikastea aprobetxatzeko. Gaztelania jada badakiten gutxi batzuk euskara ikastera ere animatzen dira, nahiz eta gutxiengoa diren.
Boluntario izateko profil konkretu bat dago, ala edozein izan daiteke?
Edozein izan daiteke, ez dago profil konkreturik. Garrantzitsuena gogoa izatea da. Pertsona bakoitzak ahal duen bezala laguntzen du; hau da, bakoitzak dakiena erakusten edo ekartzen du. Adibidez, baserritar bati janaria soberan geratu baldin bazaio, autoa duen norbait behar da bila joateko. Norbait ex-futbolaria baldin bada, futbolean jolastuko du beraiekin. Gizarte langintza ikasi duenak, adibidez, tramiteak egiten lagunduko du.
Zenbat boluntario zarete?
Guztion artean 40 bat lagun gara gutxi gorabehera momentu honetan.
Nolako esperientzia da boluntario izatea?
Oso aberasgarria, baina oso gogorra aldi berean. Oso bizitza gogorra dute, eta pena ematen du. Uste dut gizarte bezala asko dugula aldatzeko eta hobetzeko, eta horrelako akzioetatik hasten da aldaketa.