Abuztuan jendea itzuliko da Anoetara
Espainiako Gobernuak datorren futbol denboraldian estadioetan jendea egotea ahalbidetu du, eta realzaleak Anoetara itzuliko dira abuztuaren bigarren asteburutik aurrera. Oraindik ez dago garbi zenbateko edukierarekin itzuliko diren zaleak, baina dirudienez %75ekoa izan daiteke, nahiz eta pandemiaren bilakaera egokia bada %80koa izan daitekeen. Anoetan 40.000 pertsona sartu daitezkeela jakinda, 30.000 eta 32.000 pertsona inguruk joan ahal izango dute lehenengo jardunaldietara.
Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da edukiera erabakitzea. Realak 35.000 abonatu inguru ditu, eta jakinda edukiera mugatuta egongo dela, pertsona batzuek kanpoan geratu beharko dute. Ziurrenik zozketa bidez egingo da aukeraketa.
Gaur egun, Urkulluk azken LABIren bileraren ostean adierazi zuen moduan, 5.000 pertsonako edukiera baino handiagoko lekuetan edukiera %30ekoa izango da. Hala ere, bi hilabete geratzen dira liga hasteko, eta pandemiaren bilakaera positiboa izango dela ematen dute aditzera estadistika guztiek.