Hezkuntza negoziorako bidea ez denean
Maria Inmaculada Provincia España fededunen kongregazioak 101 urte daramatza Donostian, eta 1977. urtetik ikastetxe bat dute Ategorrieta hiribidean. Ia 50 urteren ostean, kongregazioak aldebakartasunez eskola ixtea erabaki du, eta langileak kaleratuko dituzte.
Apirilaren 20an, Groseko Maria Inmaculada ikastetxeko langileek jakin zuten hurrengo ikasturtean ikastetxea betirako itxiko zutela, eta haien lanpostuak galduko zituztela. Ikastetxe honetan eta berau barnean hartzen duen etxadian hotel bat, supermerkatu bat, jatetxe bat eta lurpeko aparkaleku bat egin nahi dituzte, nahiz eta proiektua une honetan geldirik dagoen.
Nuria de la Peña Elizalde eta Gema Alzua Maria Inmaculadako irakasleak dira, eta Irutxuloko Hitzari adierazi diotenaren arabera, arazo hau 2013. urtetik dator: «Mojak 2013. urtean joan ziren, eta ordutik aurrera hemen izan gara arazorik gabe. Beste eraikinak alokatu izan dituzte, Gizakia Helbururi adibidez», dio Gema Alzuak.
Bestalde, de la Peñak dio duela bost edo sei urte jakin zutela fededunen kongregazioak halako proiektu bat egiteko asmoa zuela. Hala ere, ikastetxea proiektuaren barnean zegoela adierazi zien hasieran kongregazioak langileei, eta «lasai egoteko» azpimarratu zieten.
Ikasturte honetan, baina, egoera aldatu egin dela adierazi dute irakasleek: «Zerbait gertatuko zelako susmoa genuen lehenagotik, baina apirilaren 20an jakinarazi ziguten azkenean gure ikastetxea ez zela proiektuaren barnean sartzen, eta hurrengo ikasturtean gure zentroa itxiko zutela», dio Alzuak. Eneko Agirreurreta ELAko ordezkariaren arabera, langileak izan dira itxieraren inguruan jakin duten azkenak: «Langileak jakinaren gainean jarri aurretik, udalari, ikasleei eta familiei esan zieten, eta ikasleak beste ikastetxe batzuetan birkokatu zituzten hamabost egun eskasean», dio.
Itxieraren arrazoiak
Nahiz eta ikastetxeko langileek proiektuaren garapenaren inguko informazioa aspalditik izan, aurten jakin dute ikastetxea itxiko zutela. Agirreurretak dio fededunen kongregazioak eman duen arrazoi nagusia matrikulazioen beherakada dela, baina ELAko ordezkariak dio beherakada hau ez dela hain handia izan, eta “ikastetxe guztien joera” dela azpimarratu du. Bestalde, langileek kongregazioaren komunikazio falta salatu dute. Haien esanetan, kongregazioak ikastetxearen itxiera jakinarazi ostean, bilera bat eskatu zieten langileek abokatuei, eta hilabete behar izan zuten elkartzeko.
«Joan den asteartean etorri ziren kongregaziokoak ikastetxera, itxieraz informatu gintuztenetik lehenengoz. Langile gehienok ez gaituzte ezta agurtu ere egin, eta ez dira irakasleen gelan sartu. Ez dute aurpegia eman nahi, eta haiekin dugun harremana hutsala da», dio Alzuak.
Publikoki, baina, fededunen kongregazioak bestelako arrazoiak eman ditu. Idazki baten bidez, ikastetxea ixtera «behartuta» zeudela adierazi zuten, eta «atsekabetuta» zeudela gehitu zuten; izan ere, haien esanetan, ikastetxe hau «bereziki esanguratsua» izan da haientzat. Bestalde, nahiz eta langileek ikastetxeak ateak itxiko zituela jakin, ikastetxea ez ixteko «amaierara arte lanean» jarraituko zutela adierazi zuten, «bide posible guztiak agortu arte».
Langileen etorkizuna
Maria Inmaculada ikastetxean guztira hamalau pertsonak egiten dute lan, eta 150 ikasle inguru daude. Langileei eskolaren itxieraren berri eman aurretik, kongregazioak eta Hezkuntza Sailak ikasleekin eta familiekin hitz egin zuen, eta 15 egunetan beste zentro batzuetan birkokatu zituzten, baina langileek oraindik ez dakite zein izango den haien etorkizuna.
«Maiatzaren 21ean etorri ziren, eta esan ziguten joan den astean hasiko zirela erregulazio espedientea tramitatzen, baina ordutik ez dakigu gehiago», dio Alzuak. Bestalde, Agirreurreta eta Alzua ziur dira kongregaziokoak ez direla izango negoziazioaz arduratuko direnak, baizik eta botere hori haien abokatuetan delegatuko dutela: «Antzeko kasu batzuk tratatu izan ditugu, eta esperientziak esaten digu abokatuekin negoziatu beharko dugula», dio Agirreurretak.
Haien ustez, laster tramitatuko dute erregulazio espedientea, eta une horretatik aurrera hamabost egun izango dituzte negoziatzeko: «Negoziatzeko denbora tartearen ostean, ikusi beharko dugu zer gertatzen den langileekin. Hitzarmenaren arabera, birkokapen lan poltsan sartuko dira», adierazi du Agirreurretak.
Bien bitartean, langileek lanean eta protestan jarraitzen dute, haien ustez «guztiz bidegabeak» direlako kaleratze hauek. Asteazken eta ostiral goizetan protestak egin dituzte ikastetxearen kanpoaldean, eta ikasleen laguntzaz auzotarren artean gatazka sozializatu dute.
Fededunen kongregazioaren jarrera salatzeaz gain, langileek Eusko Jaurlaritzaren, Hezkuntza Sailaren eta Donostiako Udalaren inplikazio falta ere azpimarratu dute. Izan ere, langileei ikastetxearen itxiera jakinarazi aurretik, Hezkuntza Saila izan zen ikasleen birkokapen prozesuan bitartekari lanak egiten ibili zena, eta langileei ez zieten ezer esan. Bestalde, Agirreurretaren esanetan, Donostiako Udala da proiektua onartzeaz arduratzen dena. Nahiz eta hasiera batean proiektuan metro karratu batzuk hezkuntzarako gorde, udalak adierazi zien proiektuak «berdin berdin» egin zezakeela aurrera ikastetxea albo batera utzita, Agirreurretak argitu duen moduan. Alzuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza eta Hezkuntza Saila «bete-betean» egon direla prozesu honetan inplikatuta, baina berriro ere argitu du langileei ez zietela ezer esan.
Proiektua
Maria Inmaculadaren lursailean egingo den proiektuak badu lehenengo onarpena, eta azken xehetasun ikerketaren arabera, hezkuntzarako 2.275 metro karratu gordeko dira. Hala ere, Ricardo Burutaran EH Bilduko kideak dio Maria Inmaculada ikastetxeak ez duela jarraituko, eta gehitu du etorkizunean hezkuntzarako metro karratu hauek proiektutik kanpo geratu daitezkeela.
Bestalde, une honetan proiektua geldirik dagoela dio Burutaranek, eta azken hiru udalbatzarretan gaia ez dela atera adierazi du: «Xehetasun azterketa ez zuten apirileko udalbatzarrera eraman, udal gobernuak erretiratu egin zuelako, eta ordutik ez dakigu ezer gehiago ere».
Maria Inmaculadako lursailak patio handi bat du, eta proiektua garatu dutenen asmoa etxadia ixtea da, Jose Maria Soroa kalearen aldean bost solairuko eraikinak eginez. Proiektuaren ardatza hotela da: 84 gelako eta lau izarrekoa izango da. Bestalde, 2.000 metro karratuko supermerkatua egin nahi dute, baita 700 metro karratuko jatetxea ere. Esan bezala, 2.275 metro karratu hezkuntzarako gorde nahi dituzte, baita 317 autorentzako aparkaleku bat ere.
Ohiko praktika
Hala eta guztiz ere, ez da elizak Donostian bere jabetzak halako proiektuak egiteko saltzen dituen lehen aldia. Maria Inmaculadarekin antzekotasun asko dituen kasua da auzo bereko Mariaren Bihotza eskolarena: auzoarekin lotura handia zuen ikastetxeak, eta parrokia itxi egin zuten. Klaretarrek saldu egin zuten eraikina, hotel bat barnean hartzen duen proiektua garatzeko.
Turismoaren negoziorako hainbat jabetza saldu ditu azken urteetan elizak, eta Bizilagunekin plataformako Asier Basurtorekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak, datu zehatz gehiago izateko.
Basurtok dioenaren arabera, azken urteetan elizak hamaika lursail eta eraikin saldu ditu, ondoren hainbat promotorek eta inbertsio funtsek turismora bideratutako negozioak garatzeko. Hala ere, eliza ez da halako salmentak egiten ari den bakarra; izan ere, beste etxejabe handi batzuk jabetzak saltzen edo turismora moldatzen ari dira, diru iturri «errazen» bila.
Izan ere, Basurtoren esanetan, Donostian azken urteetan izan den hazkunde turistikoak kanpoko inbertsoreak erakarri ditu, eta elizak aukera hori aprobetxatu du negozioa egiteko.