Lehen mundu birari buruzko erakusketa San Telmo Museoan
Gaur goizean izan da San Telmo Museoan Juan Sebastian Elkano eta Fernando Magallanesek duela 502 urte egindako bidaiaren erakusketaren aurkezpena.
Bidaiarik luzeena: lehen mundu bira Accion Cultural Españolak eta Kultura eta Kirol Ministerioak antolatutako erakusketa da. 2019Ko irailean inauguratu zen Sevillako Indietako Artxibo Nagusian erakusketaren lehen edizioa, Magallanes eta Elkanoren lehen zirkumnabigazioaren V. urteurrena zela eta. Orain, Bidaiarik luzeena San Telmo museoan dago ikusgai. Erakusketak jatorrizko piezen eta dokumentuen egitura mantentzen duen arren, esan daiteke eraldatu egin dela, bidaiako beste une garrantzitsu bat kontuan hartzen duelako. Erakusketa Antonio Fernandez Torresek eta Indietako Artxibo Nagusiko artxibozain fakultatekoek, Guillermo Moran Dauchez eta Braulio Vazquez Camposek, zuzendutakoa eta komisariatutakoa da.
Juan Sebastian Elkano da erakusketaren protagonista. Duela bostehun urte, Victoria itsasontziko kapitain izendatu zuten tripulatzaileek, eta Moluka uharteetarako bidaiari ekin zion. Era berean, horren ostean, funtsezko erabakia hartu zuen Elkanok: mendebaldetik itzultzea, horrela munduari lehen bira emanez. Erakusketak Getariako nabigatzaileari merezi duen garrantzia aitortzea du helburu, bere irudia zabalduz eta egindako itzulera luzearen balentria azpimarratuz. Horretarako, Elkanoren artxibo pertsonaletako dokumentu baliotsuak, Aian (Laurgaingo Dorrean) orain dela gutxi aurkitutakoak gehitzea ezinbestekoa izan da.
Bestalde, erakusketak elementu klabe bat azpimarratzen du: gizakiaren espiritu esploratzailea eta ezezagunaren aurrean duen jarrera. Horrela, ikuslea erakusketarekin konektatzea bilatu nahi izan da, ikus-entzunezko elementu eta eszenografia original baten bitartez, modu desberdinean eta gizatiarragoan hurbiltzeko asmoz, garai hartan sentitutakoa sentitzera hurbil gaitezen. Ingurumen eta emozio testuinguru batean murgildutako erakusketa da azken finean.
Mendeetan zehar planetaren lehen zirkumnabigazioa aztertzeko balio izan duten dokumentu eta kronika nagusiak biltzen ditu. Ehun pieza eta dokumentu original inguru daude ikusgai, Indietako Artxibo Nagusian zein beste hainbat erakundeetan bildutakoak.
Erakusketa sei eremutan dago egituratua, bidaiaren fase desberdinetan oinarrituz: Ametsa, Abiatzea, Esplorazioa, Helmuga, Itzulera eta Aldakuntza. Fase horiei esker, protagonisten bizipen zuzenen bidez burutu ahal izango du ikusleak bidaia. Irailaren 26tik urriaren 24ra egongo da ikusgai, asteartetik igandera bitartean 10:00etatik 20:00etara, sarreren prezioa 6 eurokoa delarik.
Honi loturik, Euskal Itsas Museoan erakusketa berezi bat ikusgai egongo da ekainaren 25etik 2022ko urtarrilaren 9ra arte, ‘24 orduz Victoria ontzian’ deiturikoa. Honen bidez garai hartako itsasontzi ospetsuenean egun bat nolakoa zen bizi ahal izango da gertutik.