Zenbait tabernatan ontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko da
Donostiako Udalak jarraipena eman dio ekainean hasitako Donostia Zero Plastik kanpainari. Erabilera bakarreko ontzien gehiegizko erabilera eta hondakin horiek ingurumenean duten kaltea kontuan hartzea du helburu ekitaldiak.
Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak adierazi duenez, kanpainaren helburua herritarrengan eztabaida sortzea da. Izan ere, bere esanetan, guztiona da eguneroko ohiturak aldatzeko eta horren gainean gogoeta egiteko ardura, ez baititugu hainbeste plastikozko ontzi behar bizitzan.
Horregatik, ekainean zenbait egitasmo jarri dira martxan Donostian, hiri jasangarriagoa bihur dadin. Besteak beste, Urumea ibaia garbitzea, Ulia eta Sagues garbitzea edota tupperrak banatzea arrandegietan. Donostiako 17 hotel eta apartamentu, hiriko supermerkatu-kate nagusiak eta beste zenbait merkataritza gune inplikatu dira proiektu honetan.
Ekimen nagusien artean, Ondarretako eta Santa Klara uharteko tabernetan ontzi berrerabilgarrien erabilera ezartzea egon da, erabilera bakarreko ur botilak ugaltzea saihesteko. Zurriola hondartzan, bestalde, “Bisigu erraldoi” bat jarriko da Emaus Fundazioarekin lankidetzan, barruan plastikoak uzteko eta plastikoak izaki bizidunei eragiten dien kalteaz konturatzeko.
Esandakoa klima-aldaketaren aurkako ekintza-planaren barnean dago (Klima DSS 2050 Plana). Plan honetan ekonomia zirkularrari eta baliabideak aprobetxatzeari ematen zaio garrantzia.
Modu sinbolikoan “sardinak” hauek jaso dituzte:
• Supermerkatu eta merkatarien ordezkari: Miren Celaya (San Martin azoka), Iker Estevanez (San Sebastian Shops), Juan Ramon Ruiz (Garbera-Eroski), Silvia Corrales (Mercadona), Gotzone de Miguel (SuperAmara)
• Ekitaldien antolatzaileak: Mariaje Torres (Donostia Festak), Garikoitz Muñoz (Donostia Turismoa) Andoni Alonso (Musika Hamabostaldia), Fernando Ibarreta (Fortuna Kirol Elkartea), Xabi Perez (Donosti Cup)
• Zero Plastik Hotelak: Borja García (María Cristina Hotela), Urko Maestre (Mercure Monte Igeldo Hotela) Mikel Zaldua (Lasala Plaza Hotela), Raquel Casado (Zenit Hotela), Alex Marín (Olarain), Danel Zulaika (Arrizul Hotela) Asier Pereda (Aparture)
• Boluntariotza Herritarren Ecolimpieza: Ma Mercedes Martinez eta Ma Isabel Martinez
• Kanpainaren babesleak: Susana Urquijo (Banco Sabadell) eta Gorya YARZA (Ekotrade)