Donostiako Metroaren lanak berriro hasi izana salatu dute
Ekainaren 20an Euskal Trenbide Sareak (ETS) Altuna y Uria, Iza eta Acciona enpresekin sinatu zuen metroaren Mirakontxa eta Easoren tarteko bigarren faseko lanak berriz hasteko akta, eta erabaki honen aurka protestako mobilizazioa egin dute gaur Kontxa hondartzatik Artzain Onaren katedralera arte, Satorralaiak deituta. Metroaren aurkako elkarteak adierazi duenaren arabera, 150 pertsonatik gora elkartu dira protestan.
Satorralaiak eta mobilizaziora bertaratutako pertsonek adierazi dutenaren arabera, hondartza inguruko zulaketak “arrisku nabarmenak” dituela garbi geratu da, eta Eusko Jaurlaritza eta Donostiako udal gobernua “ausarkeriaz” jokatzen ari direla gehitu dute.
Mirakontxa-Easo zatia
Astelehen honetan sinatu du ETSk Altuna y Uria, Iza eta Acciona enpresekin tarte honen lanekin berriro ere ekiteko akta, eta lan hauek 47,8 milioi euroren truke adjudikatu zituzten; berehala hasiko dira berriro geratzen diren 400 metroak zulatzen. Zati honen zulaketa lanetan egon dira Donostiako Metroaren eraikuntzako arazo nagusiak; izan ere, Zubieta kalean hainbat zulo agertu dira joan den urtetik hona.