Donostiarrak bere hiru traineruak aurkeztu ditu San Telmo Museoan
Kolaboratzaileekin, babesleekin eta Donostiako udal ordezkariekin batera, Kaiarriba Donostiarrak denboraldi honetarako hiru ontziak eta arraunlariak aurkeztu ditu San Telmo Museoan. Donostiarrako hiru traineruk hartuko dute parte aurten liga ezberdinetan: mutilen B ontziak joan den astean hasi zuen KAE2 liga; nesken traineruak Euskotren Ligan hartuko du parte, eta mutilen lehen ontziak, berriz, EuskoLabel Ligan. Azken bi hauek datorren asteburuan hasiko dira.
Martin Ibabe Kirol Zinegotziak eta Eneko Goia alkateak hartu dute parte aurkezpenean, besteak beste, eta alkateak azpimarratu du Kontxako Bandera “behingoz” Donostian geratzeko gogoak dituela.
Aurkezpenean, Jokin Larrañaga Donostiarraren zalea ere omendu dute, duela gutxi hil zena. Bere familiako kideek kontatu dutenaren arabera, ospitalean zegoenean Donostiarraren inguruan galdetzen zioten familiakoei. Omenaldi moduan, mutilen lehen ontzian azken arraunlariak ziaboga egiteko erabiltzen duen arraun txikiaren palan “Jokin” izena jarri dute, eta denboraldi osoan zehar egongo da arraunlariekin, laguntza emateko.