Nerea Redondori, Juan Mari Jauregiri eta 13/13 epaiketako gainontzeko auzipetuei elkartasuna adierazi diete Egia kalean
Uztailaren 12an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean egiteke zegoen azken epaiketa handia, 13/13 kasua, eta bertan epaituko dituzten Egiako bi pertsonei, Nerea Redondori eta Juan Mari Jauregiri, elkartasuna eta babesa adierazteko ekitaldia egin dute gaur goizean Egia kalean. Auzoko kale honetako bidegorrian aulkiak jarri dituzte, eta ehun pertsonatik gora elkartu dira. Jendea eserita zegoen bitartean, megafono bat zuen furgoneta bat pasa da etengabe ingurutik, epaiketaren zergatiak sozializatzeko, eta eskuorriak ere banatu dituzte.
Epaiketa honetan, euskal presoekin bitartekari lanak egin dituzten pertsonak epaituko dituzte, zortzi guztira; horietatik, lau donostiarrak dira. Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira auziperatuak, eta Redondo, Jauregi, Enparantza eta Sarriegi dira donostiarrak.
Uztailaren 10ean, larunbata, beste mobilizazio bat egingo dute Donostian, lau auziperatuei elkartasuna adierazteko. Saguesetik abiatuko da, 12:00etan, eta hainbat alderdi politikoren eta sindikatuen babesa jasoko dute.