Donostiako Udalak LGTBI+ kolektiboaren nazioarteko eguneko adierazpen instituzionala aurkeztu du
LGTBI+ kolektiboaren nazioarteko egunean, Donostiako Udaleko alderdi guztiek adierazpen instituzionala sinatu eta aurkeztu dute. Sei puntu ditu, eta jarraian dituzue irakurgai:
52 urte igaro dira Stonewall-en lesbiana, gay, transexual eta trabestiak etengabeko jazarpen eta xantaiei aurre egiten hasi zirenetik. Horrela, beren eskubideak aldarrikatu eta eskatzeko bidea hasi zen. Egun hartatik aurrera, ekainaren 28an, LGTBI harrotasunaren nazioarteko eguna ospatzen da: borroka disidente luze bat, lortutako lorpenak eta, aldi berean, aurrera egiteko falta den guztia aldarrikatzeko jardunaldi bat: eskubide berberak dituzten pertsonen gizarte libre bat, haien sexu grina edo genero identitatea bideratzeko bereizkeriarik gabea.
Donostiako Udalean argi dugu erne jarraitu behar dugula, sektore eta alderdi politiko batzuek sexu aniztasunaren eta genero adierazpenen aurkako diskurtso eta planteamenduak areagotzen ari direlako, eta horrek ondorio zuzenak ditu: batetik, trans komunitatearen eskubideak onartzearen aurka zuzen agertzea; eta, bestetik, erasoak areagotzea, duela egun gutxi egiaztatu ahal izan dugun bezala, hala nola, Basaurin, Amorebieta-Etxanon, Gasteizko Umandi ikastolan (pintada homofobo eta transfoboak).
Izan ere, azken urteotan handitu egin dira LGTBI komunitatearen aurkako gorroto delituak. 2018ko Espainiako gorroto delituen bilakaerari buruzko txostenean, 256 eraso jaso zituzten, eta 2019koan, azkenekoan, 278. Gainera, azken urtean, LGTBI pertsonak artatzeko Berdindu euskal zerbitzuak LGTBIfobiari buruzko 32 kontsultei erantzun zien, aurreko urtean 18 izan zirenez, ia bikoiztu egin dira kasuak Euskadin. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka nabarmentzen jarraitzea.
Pandemiak agerian utzi du kolektiboek eta aktibistek urte luzez borrokan zailtasun handiz egindako eskubide aurrerapenak ahulak direla eta ezin dugula onartu atzera egiterik. Gaur egun, hain desiratua den “normaltasunera” itzultzeari buruzko diskurtsoekin ateratzen ari gara osasun krisialditik: normaltasun horrek, ertzetan daudenentzat, gizarte antolamenduan menderatuta daudenentzat, diskriminaturik bizitzen jarraitzea esan nahi du, haien eskubideez gozatu gabe edo, areago, dituzten eskubideak galduta.
Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak egindako azken txostenaren arabera, Espainian, LGTBIko pertsonen % 48k sexu bereko bikotekideari eskutik heltzea saihesten dute, erasoak jasateko beldurragatik, eta ehuneko handi batek, galdetutako pertsonen % 90ek, iruzkin homofoboak jasan edo ikusi dituztela diote. Txosten horrek Europako Batasunari eta haren kide diren estatuei eskatzen die “neurri legegile eta ez-legegile zehatzak” har ditzatela “kolektibo horrek jasaten dituen jazarpenari eta beldurrari” aurre egiteko.
Horregatik guztiagatik, krisi une honetan konpromisoa hartu behar dugu, inoiz baino gehiago, eta edukirik gabeko konpromiso adierazpenak alde batera utzi. Erakundeok pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko ardura dugu, eta bereziki zaindu behar dugu komunitate ahulenek —LGTBIk, adibidez— eskubide horiek izan ditzaten. Gure udalerri eta lurraldeetako LGTBI pertsonen beharrei modu eraginkorrean erantzuteko politika eraldatzaileak eta baliabide nahikoak bermatu behar ditugu, aitzakiarik gabe.
Urtero bezala, ekainaren 28an, LGTBI talde eta pertsonen borroka luze eta estimaezina aitortu nahi dugu; pertsona horiek beren bizitza eta ahaleginak sexu askapenerako borrokaren alde eman dituzte, eta, gaur egun ere, sentsibilizazio, kontzientziazio eta eraldaketa lan bat egiteko antolatzen ari dira. Era berean, Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu, gaur ez ezik, eta urteko egun guztietan ere.
Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalak
1. Gogor gaitzesten ditu gure lurraldean gertatutako LGTBIfobiako erasoak, eta elkartasuna adierazten dio Ekain Perrinori, Basaurin gertatutako azken eraso homofoboaren biktimari, Amorebieta-Etxanoko eraso homofoboak eta Gasteizko pintada homofobo eta transfoboak.
2. Udalerrian gertatutako LGTBIfobiako eraso eta hilketak erregistratzeko, kontabilizatzeko eta horien berri emateko behar diren baliabideak sustatuko ditu, eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen arteko koordinazio, arreta eta erantzun protokoloekin jarraituko du.
3. Hainbat esparrutan (hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa eta gizartea, oro har), gorrotozko diskurtsoei eta erasoei aurre egiteko ekintzak bultzatzen jarraituko du, eta sexuen hezkuntzan eta trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza prozesuetan esku hartuko du, sexu hezkuntzako profesionalekin eta gizarte hezkuntzako eragileekin lanean.
4. Sexuen hezkuntzari eta sentsibilizazio feministari buruzko kanpainak egingo ditu, honako hauek erdigune hartuta, kontzientzia kritikoa hartzea errazteko: gizakiaren sexu izatea, sexuen eta generoaren inguruko ezagutza, zis-heteronormatibotasuna genero berdintasuna, desiraren sexu orientazioaren adierazpenen aniztasuna, sexu identitatea, genero adierazpenak eta LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren askotariko adierazpenak eta moduak.
5. Espainiako Gobernuari hertsatuki eskatzen dio aurrera egin dezala Tratu Berdintasunerako eta Bereizkeriarik Ezerako Legea onesteko prozesuan, gaur egun Parlamentuan izapidetzen ari direlarik, eta adostasunez bultzada eman dezala LGTBI eta Trans lege baten bidez, premiazko behar bat delako.
6. Herritarrei dei egiten die gure herri eta hirietako LGTBI mugimenduek eta mugimendu feministek deitutako ekintzetan parte hartzera. Foro publikoetan, hedabideetan eta gizarte sareetan gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela ikusarazteko sentsibilizazio eta aldarrikapen ekintzekin bat egitera animatzen ditugu herritarrak.