Gipuzkoa plazako beltxargak igeltsuzko arrautzak txitatzen ari direla salatu dute
Parkea Bizirik eta Eguzki elkarte naturzaleek salatu dutenez, Gipuzkoa plazako beltxarga emeak “bi hilabete eta erdi” daramatza Donostiako Udalak jarritako igeltsuzko arrautza batzuk txitatzen, eta “gero eta argalago eta akituago dago”. Azaldu dutenez, Gipuzkoa plazan dauden hiru beltxargetako bi bikote dira, eta apirilaren hasieran emeak berde argi koloreko bost arrautza jarri zituen, gutxienez. Diotenez, baldintza normaletan, arrautzak jarri eta 35 egunera jaiotzen dira txitak. “Harrituta geunden bikotea urmaelean estaltzen ikusi genuelako eta oraindik eklosiorik ez zegoelako; beraz, ikuskapen bat egin genuen. Orduan berezko arrautzarik ez zegoela eta antzeko tamaina eta kolore zuriko igeltsuzko bi arrautzek ordezkatzen dituztela ohartu ginen, gainazala apur bat uhinduta dutenak. Gezurrezko arrautzak lortzeko eta animaliak engainatzeko arrautza naturalak molde gisa erabili ahal izan direla uste dugu”, gaineratu dute naturzaleek.
Igeltsuzko arrautzak udalak jarri dituela salatu dute: “Udalaren helburua beltxargak ez ugaltzea da. Arrautzak, gezurrezkoez ordezkatu gabe, kendu izan balizkiete agian bigarren errunaldi bat egingo zuketen, udal instantzia batzuek ere saihestu nahi zutena. Benetako arrautzak usteltzen direnean, askotan hautsi egiten dira eta emeak habia uztea errazten dute. Igeltsuzko arrautzak ez dira ez usteltzen ez hausten, eta, gainera, pisatu egiten dute, enbrioiak oso garatuta eta eklosionatzeko gertu baleude bezala. Horrela, emea gurpil zoro batean sartu da eta ezin da bertatik atera”. Hain zuzen, azpimarratu dute emeak behar baino hiru aldiz gehiago daramala arrautzak “alferrik” txitatzen, baita horregatik gero eta egoera okerragoan dagoela nabarmendu ere.
Horregatik, udalari eskatu diote “animaliaren sufrimenduari amaiera eman diezaiola, inkubazio hutsal batez zigortzen ari baitira”. Era berean, beltxargekin egiten ari direnarengatik “publikoki barkamena eskatzeko” eskatu diote udalari. Horrez gain, gogoratu dute beltxarga horiek berez ez direla bertako espezieak, eta, horregatik, animaliak Europako erdialdeko edo ipar-mendebaldeko parkeren batera eramateko eskatu dute, espeziearen jatorrizko eremura, hain zuzen. Ildo beretik, Gipuzkoa plazako urmaela “uretako espezie autoktonoentzako lekua izatea ahalbidetzea edo erraztea” nahi dute, hala nola, basahatearentzako eta uroilo arruntarentzako. Era berean, udalari laguntzeko prest agertu dira: “Edozein zalantza izanez gero, naturzale boluntarioi galdetzeko eta kontsultatzeko, prestatuta baikaude eta naturaren alde lanean hamarkadak baitaramatzagu”.