Hamar jokalarik Realaren lehen taldea utzi dute
Realeko hamar neskek talde txuri-urdina utzi dute, kontratua amaitu ostean. Itxaso Uriarte, Leire Baños, Nahikari Garcia, Mariasun Quiñones, Nuria Mendoza, Manu Lareo, Kiana Palacios, Barbara Latorre, Lucia Rodriguez eta Maitane Lopez dira taldea utzi duten jokalariak. Itxaso Uriartek zeramatzan denboraldi gehien Realean, hamar, eta Maitane Lopezek denboraldi bakarra eman du talde donostiarrean.
Realak urte hauetako esfortzua eta lana eskertu die jokalariei, eta etorkizuneko erronketan zorte ona opa die. Uriarte, Baños, Garcia, Quiñones, Mendoza, Lareo eta Palacios 2018/2019. denboraldian Realean egon ziren, eta Erreginaren Kopa irabazi zuten: nesken taldeak lortu duen lehen titulua da. Hortik aurrera jauzi kualitatibo garbia eman du taldeak, eta ligan historiako bi emaitza onenak lortu dituzte: 2019/2020 denboraldian 6. amaitu zuten liga, koronabirusa dela eta bertan behera geratu zen unean, eta aurten bosgarren amaitu dute.
Itxaso Uriartek hamar denboraldi eman ditu Realean, eta ekainaren 23an talde txuri-urdinak omenaldia egin zion jokalari gasteiztarrari: Urre eta Brillantezko Intsignia eman zioten Anoetan. Nahikari Garcia urnietarrak zortzi denboraldi egin ditu Realean, eta azken urteetan erasoko jokalaririk garrantzitsuenetarikoa izan da. Sare sozialetan zaleei, taldekideei eta Realari zuzendutako mezu bat idatzi dio, eta hau dio, besteak beste: “16 urterekin iritsi nintzen Realera, guztia emateko gogoak zituen haur bat nintzela. Pentsatzen nuena baino askoz gauza gehiago bizi ditut”.