Mandasko duke eta dukesaren bizitza ezagutzeko erakusketa ireki dute Kristinaenean
Cristina Enea Fundazioak orain arte plazaratu gabeko pieza eta dokumentuak jarri ditu ikusgai.
Cristina Enea Fundazioaren Cristina Enea, Parke bat hirian erakusketak bertan bizi izandakoen bizitza eta finkaren sorrera erakustea du helburu, artxiboetako dokumentazio ugariari esker. Erakusketak XIX.mendeko bigarren erdiko Donostia erakutsi nahi du, Mandasko duke eta dukesaren eta haren finkaren sorrerari buruz kontatzen dizkiguten testuen bidez, hauen nortasuna, gorabeherak eta errealitatea ezagutuz. Ekainaren 25etik irailaren 19ra arte egongo da ikusgai.
1926ko maiatzaren 5ean, Donostiako Udalak Egiako parkearen lursailak eskuratu zituen, senar-emazteak ondorengorik gabe hil ondoren. Hilabete beranduago, ekainaren 2an, herritarrei zabaldu zizkien ateak Cristina Eneak, Mandasko dukeen (Maria Cristina Fernanda Brunetti y Gayoso de los Cobos eta Fermin Lasala y Colladoren) jabetzak ikusi ahal izateko.
Ireki zenetik 95 urte geroago, Cristina Enea, Parke bat hirian erakusketak ateak zabaldu ditu gaur Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, Mandasko dukesaren bizitza eta Cristina Enea finka eraikitzeko prozesua azaltzeko helburuarekin. Hala ere, Eneko Calvo Cristina Enea Fundazioko erakusketa proiektuaren arduradunak esan duenez, oraindik asko dago Mandasko dukesaren eta Cristina Enea finkaren figura aztertzeko eta ikertzeko.
Marisol Garmendia Ekologia zinegotzi sozialistak esan duenez, Mandasko dukeen ondareari eta Donostiarekiko izan zuten maitasunari balioa eman nahi izan diete, eta garai hartako Donostia erakusten duen erakusketarekin gogorarazi nahi izan dute parkearen 95 urteurrena. Honi loturik, Mandasko dukeen, eta bereziki, Cristina Brunetti eta Gayoso de los Cobos dukesaren omenezko ekitaldia egin zuen udalak eta Cristina Enea Fundazioak jauregiaren inguruan pasa den ekainaren hasieran.
Erakusketa honetaz gain, irailaren 19ra arte ikusgai egongo dira osagarri gisa Mandasko dukeak eta Cristina Enea finka hobeto ezagutzeko jarduerak, erakusketara, parkera eta lorategietara bisita gidatuak eginez. Bat dukeen ondarea izango da, finka nola eraiki zen ezagutzeko. Bigarrena Cristina Enea. Parke bat hirian erakusketara bisita gidatuak egitea izango da, Eneko Calvo arduradun eta komisarioaren eskutik. Biak dira doakoak baina izena eman beharko da:
Uztailak 11 – Dukeen ondarea – 11:00etan, gaztelaniaz / 12:00etan, euskaraz
Uztailak 15 – Erakusketara bisita gidatua – 17:00etan, gaztelaniaz / 18:00etan, euskaraz
Uztailak 25 – Dukeen ondarea – 11:00etan, euskaraz / 12:00etan, gaztelaniaz
Uztailak 29 – Erakusketara bisita gidatua – 17:00etan, euskaraz / 18:00etan, gaztelaniaz
Abuztuak 8- Dukeen ondarea – 11:00etan, gaztelaniaz / 12:00etan, euskaraz
Abuztuak 12 – Erakusketara bisita gidatua – 17:00etan, gaztelaniaz / 18:00etan, euskaraz
Abuztuak 22 – Dukeen ondarea – 11:00etan, euskaraz / 12:00etan, gaztelaniaz
Abuztuak 26 – Erakusketara bisita gidatua – 17:00etan, euskaraz / 18:00etan, gaztelaniaz