Musika Hamabostaldiak normaltasuna berreskuratu nahi du, eta 75 kontzertu eskainiko ditu aurten
Astelehen goizean aurkeztu dute aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldia Kursaalean, eta nabarmendu dute “normaltasunaren aldeko apustua” egingo dutela. Abuztuaren 1etik 27ra egingo dute 82. Musika Hamabostaldia, eta 75 kontzertu eskainiko dituzte guztira, eta, besteak beste, Yuja Wang, Grigori Sokolov, Elisabeth Leonskaia, Stephen Hough eta Mitsuko Uchida, Anne-Sophie Mutter, Leonidas Kavakos eta Julian Rachlin artistak igoko dira jaialdiko oholtzetara. 75 kontzertu horietako hamabost Donostiatik kanpo izango dira: Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat herritan, hain justu. Egitarau osoa Musika Hamabostaldiaren webgunean kontsultatu daiteke, baita bihartik, hilaren 29tik, aurrera sarrerak erosi ere (11:30etik aurrera).
Abuztuaren 1ean eta 2an izango dira lehenengo emanaldi nagusiak Kursaalean: Gustavo Gimenok Luxenburgoko Orkestra zuzenduko du eta Yuja Wang pianistak Liszten Lehen kontzertua eta Mozarten Hogeigarren kontzertua joko ditu. Horrez gain, besteak beste, abuztuaren 8an Julian Rachlin biolinistak Mendelssohnen kontzertu bat interpretatuko du eta abuztuaren 9an, Grogori Sokolov pianistak Rachmaninoven preludioak eta Chopinen polonesak joko ditu. Bestalde, sei orkestra arituko dira jaialdian: Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa, Budapesteko Festival Orkestra, Espainiako Orkestra, Galiziako Orkestra, Euskadiko Orkestra eta EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra.
Nabarmentzekoak dira, baita ere, azken bi egunetako emanaldiak: abuztuaren 26an, Anne-Sophie Mutter biolinistak Mozarten, Beethovenen eta Francken sonatak joko ditu, eta abuztuaren 27an, Dejan Lazic pianista Budapesteko Festival Orkestrarekin arituko da, Milhauden, Satieren, Kodalyren eta Ravelen obrak interpretatzen.
Era berean, Hamabostaldiak opera propio bat ekoiztu du aurten: Hirira. Haurrentzako da, eta Easo Eskolaniako eta Easo Gazte Abesbatzako haurrek Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara eramango dute abuztuaren 10ean, Gorka Mirandak zuzendaritzapean. Horretaz gain, bost ziklo ere antolatu dituzte: organo zikloa (abuztuaren 1etik 8ra), antzinako musika zikloa (abuztuaren 3tik 16ra), musika garaikideko zikloa, ganbera musika zikloa eta interprete gazteen zikloa.