Olio isurketa bat gertatu da asteburuan Urumean, Txomiñeneko eremuan
Eguzki Erakunde Ekologistak Txomiñene inguruan isurketa bat izan zela salatu zuen igandean sare sozialetan, eta argitaratu zuen argazkian ikusten denez, arrasto beltz handi bat zegoen Urumeako uretan. Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez, “ustekabean” gertatu zen isurketa: “Inguru horretan urte erdi bat utzita zeraman olio bidoi bat irauli egin zen, eta isurketa gertatu zen. Mugikortasun agente batek eman zuen horren berri. URA agentziari abisua pasa zitzaion, eta isurketa tratatzeko baliabideak jarri zituzten”.
Azken hilabeteotan hainbat isurketa izan dira Urumean Loiola, Txomiñenea eta Martutene inguruan, eta Eguzki kezkatuta agertu da: “Beste isurketa bat Urumea ibaian Txomiñene inguruan? Zenbatgarrena dagoeneko?”. Txomiñeneko bizilagunak ere kezkatuta daude: ” Azken hilabete hauetan gero eta isurketa gehiago ikusi ditugu, benetan kezkagarria”, adierazi du Lanberri auzo elkarteko kide batek.