Altzako hilketarengatik atxilotu zuten pertsona espetxeratu dute
Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu zuen iragan igandean Altzako hilketarekin lotura zuelakoan, eta gaur Martuteneko espetxera bidali du epaileak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, pasa den igandeko 1:30ak inguruan gizon bat hilda eta indarkeria zantzuekin topatu zuten Lauaizeta kalean. Larrialdi zerbitzuek abisua jaso zuten, eta osasun zerbitzuak iritsi zirenean, gizona hilda zegoela baieztatu zuten.
Ertzaintza ere bertaratu zen, eta inguruan odol arrasto handi bat zegoela ikusi zuten. Horrela, handik gertu aparkatuta zegoen autokarabana batean arropa odolez zikinduta zuen 32 urteko gizon bat aurkitu zuten. Identifikatu egin zuten, baita atxilotu ere, beste gizonaren hilketarekin zerikusia izatea leporatuta. Ertzaintzaren arabera, bi gizonek elkar ezagutzen zuten aurretik.