Egiako elkartasun kaxuelitak ostegunean itzuliko dira
Ostegunean, hilaren 1ean, hasiko dira Egiako Arrano elkartean berriz euskal presoen aldeko elkartasun kaxuelitak prestatzen. Horrela, auzokideek uztaileko ostegun eta ostiral guztietan afariak kozinatuko dituzte, eta elkartera joaten diren guztiei afaria eskainiko diete, 13 euroren truk.
Kozinatu nahi izanez gero, galdetegi bat bete behar da, janaria prestatzeko eguna edo egunak hautatuz, besteak beste. Afariak jasotzeko edo elkartean bertan afaltzeko erreserbak, aldiz, egiaelkartasunkaxuelitak@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da edo 603-60 22 57 telefono zenbakira deitu edo idatzi.
Antolatzaileek gogoratu dute aurtengo elkartasun kaxuelitak “bereziak” izango direla koronabirusa dela eta, iaz bezala: “Alde batetik, Arrano elkartea erabiltzeko jarriko ditugun segurtasun neurriengatik. Bestetik, presoen senideei laguntza ekonomikoa bermatzeko egiten ditugun ekimen asko bertan behera geratu direlako (iraileko txosna, ekaineko elkartasun eguna, eta abar)”. Horregatik, herritarrak elkartasun kaxuelitetan parte hartzera animatu dituzte.