Udalak dio maiatzean aldatu zizkiela arrautzak Gipuzkoa plazako beltxargei
Parkea Bizirik eta Eguzki elkarteek atzo salatu zuten udalak duela bi hilabete eta erdi arrautzak aldatu zizkiela Gipuzkoa plazako beltxargei, eta apiriletik zeramatzatela igeltsuzko arrautza batzuk txitatzen. Ildo beretik, nabarmendu zuten beltxargek 35 bat egun pasatzen dituztela arrautzak txitatzen, eta beraz, emeak behar baino hiru aldiz gehiago daramala arrautzak “alferrik” berotzen. Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak, aldiz, adierazi du arrautzak maiatzaren 24an aldatu zizkietela beltxargei, eta ez apirilean.
Dioenez, bi helbururekin kendu zituzten jatorrizko arrautzak: “Bigarren errunaldi bat saihesteko eta arrautzak kentzea hegaztientzako oso traumatikoa ez izateko”. Era berean, gaineratu du uztailaren 26ko astean dutela igeltsuzko arrautzak kentzeko asmoa, asko jota: “Txitaldia 35-40 egunekoa dela aintzat hartuta, gezurrezkoak kentzeko epea uztailaren 26ko astean ixtea erabaki zen, baldin eta hegaztiek ez bazuten habia aurretik uzten”.