Haurrentzako buruhandi tailerra egingo dute Zipotz jaien bueltan
Aurten ere ezingo dituzte Donostiako jaiak bere horretan egin, baina egoerara egokitutako jai ezohikoak egingo dituzte hainbat auzotan, besteak beste Grosen. Horrela, Zipotz jaietako antolatzaileak uztailaren erdialdeko asteburuan egingo dituzten jarduerak iragartzen ari dira, eta haurrentzako jarduerak ere izango direla iragarri berri dute.
Alde batetik, haurrentzako buruhandi tailerra egingo dute uztailaren 17an, Katalunia plazan, 10:00etan. Parte hartu ahal izateko, 651-37 54 99 telefono zenbakira Whatsapp mezu bat bidali behar da haurraren izena emanez, uztailaren 8a baino lehen. Bestetik, hurrengo egunean, uztailaren 18an, txalaparta jotzen irakatsiko diete haurrei Katalunia plazan, 12:00etan. Izena eman beharra dago, 656-73 55 26 telefono zenbakira Whatsapp mezu bat bidalita.
Buruhandi eta txalaparta tailerrez gain, azkenaldian beste bi jarduera iragarri dituzte Zipotz jaietakoek: marmitako lehiaketa eta pala eta esku pilota txapelketa.