16 koronabirus kasu positibo Donostian
Donostiako intzidentzia metatua 121,17koa da, eta gora egin du. Ondarretakoa da intzidentzia metatu altuena, eta baxuena, berriz, Amara Berrikoa.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 16 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten atzo Donostian. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 121,17koa da, eta gora egin du. Izan ere, Osaskidetzak pasa den astean adierazi zuen Mallorcara ikasketa bidaian joandako pertsona taldean izandako agerraldiak eragin zuzena izan zuela positibo kopuruaren gorakadan, eta ondorioz, intzidentzia metatuan. Ostegunekoa izan zen datu adierazgarriena: 47 koronabirus positibo. Ondorengo egunetako datuek joera aldakorra islatzen dute. Ostiralean, 41 positibo atzeman zituzten, larunbatean behera egin zuen kopuruak –18 positibo–, eta herenegun, berriz ere gora –20 positibo–; atzo behera egin zuen 16 kasu positiborekin. COVID-19a diagnotikatzeko proba ugari egin dituzte asteburuan aipaturiko agerraldiarekin loturikoak.
Intzidentzia osasun eremuka
Atzoko datuekin alderatuta, intzidentzia metatuak gora egin du sei osasun eremutan, behera egin du Ondarretan eta Altza-Rotetan, eta berdin mantendu da Bidebietan, Amara-Erdialdean eta Amara Berrin.
- Ondarreta: 172,50
- Loiola: 163,53
- Intxaurrondo: 157,73
- Gros: 114,82
- Bidebieta: 97,13
- Aiete: 96,26
- Parte Zaharra: 93,93
- Amara-Erdialdea: 88,14
- Egia: 87,92
- Altza-Roteta: 86,76
- Amara Berri: 79,99
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Gros: 3
- Intxaurrondo: 3
- Aiete: 2
- Ondarreta: 2
- Amara Berri: 2
- Parte Zaharra: 1
- Egia: 1
- Loiola: 1
- Bidebieta: 0
- Amara-Erdialdea: 0
- Altza-Roteta: 0
Indarrean dauden osasun neurriak
Larunbatetik ez da derrigorrezkoa kanpoaldean maskara erabiltzea. Horrez gain, LABI batzordeak harturiko azken neurriak ostalaritzari eta elkarte gastronomikoei loturikoak dira. EAEn ostalaritzaren eta kultur jardueren itxiera ordua 02:00etara luzatu zuten, eta elkarte gastronomikoak irekita daude berriz ere. Gainerako neurriak, ondorengoak dira:
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe. Ostalaritza establezimenduetan, ordea, gehienez sei pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean.
- 02:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan eta antzeko jardueretan %60koa da edukiera, baita terrazetan ere. Ostalaritza establezimenduen barnean %50ekoa da.
- Kirol ekitaldietan, sozialetan eta kulturaletan edukierak 600ekoak izango dira barruan, eta 800ekoak kanpoan. Guztira 1.600 eta 5.000 arteko pertsonako edukiera duten lekuetan, berriz, edukiera 800ekoa izango da gehienez barruan, eta 1.200ekoa kanpoan. Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, berriz, gehienezko edukiera %30ekoa izango da.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.
Txertaketa prozesua
Osakidetza ari da 40 urte baino gutxiago dituzten pertsonei txertatzeko hitzordua ematen; zehazki, 1982. urtetik aurrera jaiotako pertsonei. Kolektibo horrek datorren astean jasoko du lehen dosia.
Izan ere, COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko erritmoa azkartzen ari da, eta dagoeneko 40 eta 41 urte bitarteko pertsonak ari da txertatzen Osakidetza. Ekainaren 7an ekin zioten 40 eta 49 urte arteko pertsonak txertatzeari, zaharrenetik gazteenera, eta bi aste pasa eta gero, adin taldeko pertsona gazteenei txertoa jartzen ari dira.
Gainera, COVID-19ari kontrako txertoen dosi gehiago jaso ostean, txertaketa kanpainan beste pauso bat emateko erabakia hartu dute: 12 eta 39 urte bitartekoak txertatzea. Horrela, hiru adin talde berri sortu dituzte txertaketarako: 12-19 urte bitartekoak, 20-29 urte bitartekoak eta 30-39 urte bitartekoak. Zaharrenetik gazteenera txertatuko dute, orain arte egin duten moduan. Beraz, 30-39 urte bitarteko pertsonak hasiko dira txertatzen datorren astetik aurrera.
Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta. 60 urtetik gorako pertsonei AstraZenecaren txertoaren bigarren dosia ematen aste honetan hasiko dira, gainera.