Emakundek ‘30 emakume ahaztezin’ erakusketa aurkeztu du Tabakaleran
Gaurtik aurrera egongo da ikusgai Kutxa Kultur Plazan, Tabakalerako 4. solairuan, Emakunderen ‘30 emakume ahaztezin’ erakusketa, abuztuaren 29ra arte. Erakusketak gure herriko historiaren parte diren 30 emakumeren informazioa jasotzen du, akuarelan margotuta. Informazio gehiago nahi duenarentzat emakume horien bizitzari buruz, eskuragarri egongo dira QR kodeak.
Elena Ciordia margolaria da erakusketaren egilea, eta nabarmentzen dituen emakumeak hainbat arlotakoak dira: literatura, bertsolaritza, pintura, argazkigintza, kirola, musika, zientzia, politika eta abar. Emakundek argitaratutako ‘30 emakume ahaztezin-30 mujeres inolvidables’ liburuan aurki daitezke erakusketan agertzen diren emakumeak. Esaterako, Bizenta Mogel idazlea, Lourdes Iriondo abeslaria, Maurizia Aldaiturriaga panderojotzailea, Julene Azpeitia idazle eta irakaslea eta abar.
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak esan duenez, erakusketa honek errekonozimendu falta izan duten emakumeak omendu nahi ditu.