"Izurrite garai honetan, kolorea inoiz baino garrantzitsuagoa da"
Juan Chillida eta Oaia Peruarenak uda osorako erakusketa aurkeztuko dute Ekain Arte Galerian.
Ekain Arte Galeriak UDAko Erakusketa kolektiboa prestatu du, oraingo honetan bi artista hauen lanak aurkezteko: Juan Chillida eta Oaia Peruarena. Olioak abstrakzioan margotuak eta hainbat paper-lan ere egongo dira ikusgai.
Uztailaren 3tik hasita, Irailaren 4ra arte egongo da ikusgai erakusketa hau, eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 15:00etara.
Juan Chillidak 30 paper gaineko lan aurkeztuko ditu. Planoak dira, baina hiru dimentsioko bolumena hartzen dute. Jada bere aurreko eskulturak ezagutzen dituenarentzat, erraza izango da bolumen hori kaptatzea margolanetan ere. 3 bilduma bereiz daitezke; horien artean ‘kutitxi’ izeneko bildumako marrazki finak, 10 guztira. Beste bilduma bat zazpi irudik osatzen dute. Hor tindagaia eta kolorea dira protagonistak, argizaria erabili baitu.
JUAN CHILLIDA
Juan Chillida Donostiarra da, 1956an jaioa. Nahiz eta margotzen hasi zituen artista urteak, eskultore bezala egin da ezagunagoa. Orain, ordea, margolanetara itzuli da berriz. 1980. urtetik hona estatuko hainbat lekutan erakutsi ditu bere lanak; esaterako, Bilbo, Huesca, Bartzelona, Sitges…
– Zer aurkituko dugu zure partetik erakusketa honetan?
Orain arte egitura linealarekin egin dut lana, alanbreekin. Azken negu honetan marrazketei bolumena ematera dedikatu naiz, egiten ari nintzen estrukturak berdintzeko. Gustatu egin zait; lanean ongi pasatu dut, kolorean sartu naiz (aspalditik nengoen kolorea ukitu gabe), eta espazio kontua dela esango nuke. Bizitzan bideak egiten ditugu, pixkanaka-pixkanaka, eta askotan ez gara konturatzen. Ez dut probokatu, sentsazioen arabera jokatzen dut, bidean aurrera eginez. Ez dakizu nora helduko zaren, baina bidean aurrera egin behar da. Horrela ikasten da, zure buruaz ikasten duzu.
– Formetan ere desberdintasuna dagoela ikusi daiteke.
Bai. Etortzen den moduan plasmatzen dut. Ni izarrei buruzko gaiekin hasi nintzen: zerua, izarrak, itoak, harriak… eta edozein formatako harriak daude, eta horretan oinarritzen naiz. Ez naiz astronomoa, baina asko gustatzen zait gai hori.
– 2020-21 urtekoak dira artelanak, izurrite urteetakoak.
Bai. Etxean nengoen, eta alanbreekin hasi ordez planora murriztu nintzen. Planoan sartu naiz, errazagoa baita etxean egiteko. Ideiak aurreko lanetatik hartu nituen, bide horri jarraipena emanez.
– Esan daiteke izurriteak eragin duela zu margorantz bideratzea?
Izan liteke. Etxean atera gabe egotean, murriztuta sentitu naiz. Ni normalean asko mugitzen naiz: mendira, Nafarroara, Iparraldera… eta zure burua aurkitzen saiatzen zara.
– Bidaiek inspiratzen zaituzte?
Zalantzarik gabe. Guztiz beharrezkoa da bidaiatzea.
– Esan daiteke azken bi urte hauek oso produktiboak izan direla, ezta?
Bai, baina egunero egiten dut lan beti. Ideia txikiren bat dagoen bakoitzean ahalegintzen naiz ideia hori salbatzen. Eta hori denoi gertatzen zaigu.
– Urnietan lanean jarraitzen duzu?
Jada ez. Almazena dut han, baina orain Donostian nago. Hala ere, askotan joaten saiatzen naiz. Lagun onak ditut han, 30 urtez bizi izan bainaiz han.
– 30 lan ekarri dituzu.
Bai, pozik nago ekarri dudanarekin. Lanek bidaia dual bat irudikatzen dute; izan ere, bidaia bat fisikoki eta mentalki egiten da. Bi forma horiek elkartu ditut marrazkiak egiteko. Marrazki bat egin, eta horren gainean beste marrazki bat egiten dut mentalki, eta hor guztiz solte sentitzen naiz, inork maneiatu gabe. Dualtasun horrek ematen diote bolumena marrazkiei.
– Ikusi daiteke zuri beltzekin jolasten duzula. Baina koloreak ere badaude ezta?
Bolumena emateko koloreak beharrekoak dira. Lehenbizi marrazkia egiten dut osorik, gero kolorea eman. Grisak hurbiltzen joateak ematen du bolumena. Egin eta gero, bakarrik gehitu egin dakioke; ezin daiteke kendu. Kentzean pentsatzen baduzu, seguruena da gaizki ateratzea.
– Nola pentsatu duzu kolorera pasatzea?
Prozesu bat dago, probatzen joaten naiz. Izurrite garai honetan, kolorea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Ni pintatzen hasi nintzen, orain eskematikora joan naiz, sinplifikatzeko eta gustatzen zaidalako. Bidea jarraitu behar da, ahal den bezala, eta disfrutatu. Koloreak garrantzitsuak dira. Denok ditugu erreferentziak; baina margotzen hasten zarenean, ez duzu ezertan pentsatzen. Eta hori da klabea libre atera dadin.
– Gehienak tenteak dira; zergatik?
Lan egiten dudan mahaia borobila delako, eta horrela ateratzen zaizkit; ez dago beste azalpenik. Gehienak borobilean landuta daude. Firma lekualdatuz gero, guztiz irudi desberdin bat atera daiteke, eta funtzionatzen du.
– Zer espero duzu udan egitea?
Lan berdinarekin jarraituko dut, ez dakit nora eramango nauen bizitzak. Ez dakit eskulturarekin edo marrazketarekin jarraituko dudan, hori sormenaren araberakoa da.
OAIA PERUARENA
Bestalde, Oaia Peruarena Irunen jaio bazen ere 1972. urtean, Beran bizi da 5 urte zituenetik. Betidanik margotu izan du, eta horretan trebatu izan da beti. Azken aldian abstrakziora jo du.
– Zer aurkituko dugu zure partetik erakusketa honetan?
Azken obrak dira. Garrantzi gehien duena nire obretan kolorea da, aunitz maite dut. Ez dago gai zehatzik, bilatzen dudana da margoa izatea askatasun espazio bat, libreki espresatzeko espazio bat. Orduan, beti saiatzen naiz ni erditik kentzen eta dagoena atera dadila. Horren barrenean non dentsitate gehiago dagoen, materia gehiago, eta beste batzuetan espazioak presentzia gehiago du; aireari eta arnasari lekua uzteko. Badago elkarrizketa bat; alde batetik pasioa eta bestetik espazio edo indar hori mugitzen den toki bat, horregatik hutsune hori.
– Garai berekoak dira? Batzuk beteagoak dira besteak baino ezta?
Gehienak garai berdinekoak dira, bi ezik. Nire kasuan gerta daiteke gaur lan bat egitea espazio handiarekin eta bihar egitea bete beteta. Barnean bultzaka ari den energia hori denbora guztian mugitzen ari da, eta horrek ekar dezake aldaketa di-da batean.
– Kolorearen aukeran ere desberdintasuna dago, ez?
Bai. Egon liteke agian serie txiki bat, non kolore batzuekin ari naiz gehiago, baina momentu batetik bestera guztiz aldatu naiteke. Saiatzen naiz kondiziorik ez jartzen, espresioari askatasuna ematen.
– Zure helburua espresatzea dela diozu; ez dute bestelako esanahirik?
Ez. Gauza guztiei azalpen bat bilatzen diegun garai batean bizi gara. Denak behar du zentzu bat, zergati bat. Baina bizitza hori baino aunitz handiagoa da. Hori da daukan edertasuna. Margoaren bidez bilatzen dut nire barrenean dagoen bizi horri irteera ematen.
– Zer espero duzu egitea udan?
Margotzen jarraituko dut. Beste euskarri batzuekin probatuko dut; izan ere, soporte bakoitzak erantzun desberdin bat ematen du. Konfinamendua hasi aurretik, hernia bat zela eta bost hilabete eman nituen ohean. Oinez hasten ari nintzela itxi gintuzten. Beraz, asko bota dut faltan aire librea eta natura; inoiz baino gehiago dut horren beharra. Natura nire nutrizioa eta energia emailea da, eta perspektiba ere ematen du.