Jon Zubiaurre preso donostiarra Euskal Herriratuko dute
Beste zazpi euskal presoren lekualdatzeak iragarri ditu Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak, tartean Jon Zubiaurre donostiarrarena. Burgosko espetxean dago gaur egun Zubiaurre (215 kilometro), eta Zaballara (Araba) eramango dute. 2001eko martxoan sartu zuten kartzelan, eta 2003an 30 urteko zigorra ezarri zioten. Iazko urrira arte, Cadizko espetxean (Andaluzia, Espainia, 1050 kilometro) egon zen, baina Burgosera lekualdatu zuten urrian. 2023an beteko ditu hiru laurdenak.
Lekualdatuko dituzten beste sei presoetako bi ere Euskal Herriratuko dituzte: Alde batetik, Andoni Murga Darocatik (345 km), Martutenera ekarriko dute. Bestetik, Liher Aretxabaletarekin Zubiaurrerekin egingo duten gauza bera egingo dute, Burgostik Zaballara eramango dute.
Beste laurak, aldiz, ez dituzte Euskal Herriratuko, gerturatu baizik. Laurak Puerto III-ko presondegian (970 km) daude, eta lekualdatze horiekin, dagoeneko ez da motibazio politikoko euskal presorik geldituko Andaluziako kartzeletan. Hain zuzen, Jesus Mari Etxebarria Mansillara (370 km) gerturatuko dute, Daniel Pastor Zuerara (245 km), Iñaki Bilbao Topasera (460 km) eta Oscar Barreras Logroñora (170 km). Sarek nabarmendu du Andaluziako espetxeak euskal presoz hustuta “fase berri bat” ireki dela: “Elkarbizitzaren bidean herri gisa aurrera egiteko fase bereziki garrantzitsua; euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea garatzeko unea da”.