LGTBI+ kolektiboaren nazioarteko egunaren ostean, erasoak argitara
Astelehenean izan zen LGTBI+ kolektiboaren nazioarteko eguna. Jendetza bildu zen Donostiako manifestazioan, baina badirudi askok ez dutela mezua ulertu. Izan ere, azken egunetan Donostiako hainbat pertsona eraso homofoboak ari dira salatzen sare sozialetan.
Julbit Twitterreko erabiltzaileak publiko egin du lau gizonen partetik sareetan jaso dituen erasoak, eta salaketa hau asko zabaldu da. 1.800 pertsonak baino gehiagok birtxiotu du salaketa, eta beste 2.500 pertsonek eman diote “gogoko”. Donostiako lau gizonek haien Twitcheko kanalean, barreen artean, haien eskuekin “zenbat homosexual hiltzeko gai” ziren galdetzen zuten haien artean, eta etengabe jartzen zuten adibide gisa Julbit: “Zenbat homosexual hiltzeko gai zarela uste duzu bakarrik? Pentsatu, bakarrik zaude, biluzik, eta Julbit bezalako homosexualak dituzu ondoan. Zenbat hiltzeko gai izango zinateke?”, galdetzen zion gizon batek beste bati.
Eraso hau asko zabaldu da, eta beste donostiar batek joan den larunbatean jasandako eraso homofoboa publiko egin du. Salatu duenaren arabera, neska batekin eserita zegoen Alderdi Ederreko aulki batean, eta gizon bat eseri zen haien ondoan. Ezagutzen zuela dio: “Beti niri iseka egiten didan baten anaia da”, dio. Erabiltzaile honen arabera, neska ukitzen hasi zen, eta orduan hasi zen liskarra. Orduan, gizon honek “maritxu” deitu zion, eta “maritxu izateagatik hilko zaitut” egin zion mehatxu.
Neskak listua bota zion gizonari, eta azken honek “sekulako zartako bat” eman zion neskari. Erasoa salatu duenak gizona heldu zuen, baina gizonak mehatxuka eta kolpeak jotzen saiatzen jarraitu zuen.
Astelehenean, honakoa adierazi zuten transmaribibolloek manifestazioaren ostean: “Antolatzeko deia luzatu nahi dugu. Auzo eta autodefentsatik. Garai latzak datozela ikusteko ez dago bidentea izan beharrik”. Gertakariek, baina, garai latzak jada emen daudela ematen dute aditzera.