Zinema aretoak, abiada hartzen
Donostiako Sade enpresak zinema aretoak zabaltzen jarraitzen du. Principe zinema egunero dago zabalik, urtarrilaren 24tik gertatzen ez zen bezala. Covid-19aren neurriak leundu direla eta, egoera hobetu da zinementzat ere bai. Antiguo Berri zinema ere asteazkenez gain, asteburu osoan zabalduko da (ostiralak, larunbata eta igandeak). Groseko Trueba zinemari dagokionez, astelehenetan egongo da itxita momentuz. Iñaki Elorza Sadeko zuzendariaren esanetan, egoera gehiago hobetu ahala espero du egun gehiago gehitzen joatea.
Hainbat neurrik lagundu dute egoera hobetzen: edukiera %60ra zabaltzea, gaueko saioak eman ahal izatea eta jan eta edan ahal izatea zinema barruan. Neurri horiei gehitu behar zaie film komertzialak ere bueltan direla.
Sadeko zuzendariak espero duen udak ez du 2020aren antzik izango. Izan ere, iaz blockbustersak atzeratu behar izan ziren; adibidez James Bond sagako azken filma (Cary Fukunaga, 2021) edota Mulan (Niki Caro, 2020) filmaren azken bertsioa. Gutxi izan ziren ondo funtzionatu zuten filmak leihatilan urte horretan; horien artean Padre no hay mas que uno (Santiago Segura, 2019) edota Tenet (Christopher Nolan, 2020).
Aurten, ordea, astero film indartsu bat izatea espero dute. Laster estreinatuko dira Fast and Furious (Justin Lin, 2021) eta Operación Camarón (Carlos Theron, 2021) filmak. Familia guztiarentzat den ¡A todo tren! Destino Asturias (Santiago Segura, 2021) ere uztailaren 9an estreinatuko da. Honez gain, hain komertzialak ez diren filmak ere eskainiko ditu Sadek, esaterako film independenteak.
Bestalde, azken hilabeteotan Trueba zineman Avalonek antolatutako David Lynch zinemagileari buruzko atzerabegirako zikloa eskaini da. Elorzaren esanetan, ondo funtzionatu du honek. Mulholland Drive filmaren emanaldiek ere oso harrera ona izan dute; baita ere Cabeza borradora (Eraserhead, 1977) filmak.