Zubietako erraustegiko langileek gutxieneko segurtasun neurrien falta salatu dute lanuzte baten bidez
Langileei txandak eta ordutegiak etengabe aldatzen dizkietela ere salatu dute, baita lan-egutegi finko baten falta ere.
Zubietako erraustegiko langileek bi orduko lanuztea egin dute gaur, 13:00etatik 15:00etara, gutxieneko segurtasun neurriak betetzen ez direla salatzeko. Ekobal enpresako batzordeak antolatu du lanuztea.
Enpresa batzordearen arabera, Ekobalen “etengabe” uzten zaio segurtasun neurriak betetzeari, eta horrek langileen osasuna arriskuan jarri duela gehitu dute. Bestalde, enpresaren zuzendaritzak enpresa batzordearekin biltzeari muzin egiten diola adierazi dute, baita “autoritarioki” jokatzen ari direla ere: “Txanden eta ordutegien aldaketak egiten dituzte etengabe, eta langileek ez dugu egutegi finkorik”, salatu dute.