"Bizkar estiloko 100 metrotan podiumetik gertu egotea espero dut"
Madeirako (Portugal) Europako Txapelketan urrezko domina bat eta brontzezko bi irabazi ostean, Tokioko Paralinpiar Jokoak prestatzen ari da Iñigo Llopis (Aiete, 1998). Bizkar estiloko 100 metroetan aritzen da hoberen Llopis, baina estilo libreko 100 eta 400 metrotan ere lehiatzea espero du Tokion.
Noiz sailkatu zinen Paralinpiar Jokoetarako?
Izatez, joan den urtean sailkatu nintzen jokoetarako, otsailean, gutxieneko A marka egin bainuen bizkarrez 100 metrotan. Bi marka daude gure kirolean: A eta B. Bigarrenak ez dizu %100ean ziurtatzen jokoetarako sailkapena, baina A markak bai.
Hala ere, pandemiak jokoak atzeratu ditu, eta A marka egin genuen igerilariei aurten gutxienez B marka egitea eskatu digute. Nik A marka gainditzea lortu dut berriro ere, eta horrek Tokiora joatea bermatzen dit.
Nola joan zen Europako Txapelketa?
Oso ondo joan zen. Igerilari guztiek gogoa genuen hainbeste denboraren ostean halako txapelketa garrantzitsu batean parte hartzeko; izan ere, azken txapelketa handia 2019ko Munduko Txapelketa izan zen: ia bi urte pasa dira ordutik.
Gainera, emaitzak oso onak izan ziren; ez dominengatik bakarrik, marka onengatik ere bai.
Zein kategorietan lehiatuko zara Tokion?
Oraindik ez dakit ziur, bizkar estiloko 100 metrokoa da oraingoz ofizialki dakidan bakarra. Hala ere, estilo libreko 100 eta 400 metrotan aritzeko aukera asko ditut, baita txandaka ere.
Noiz jakingo duzu zehazki?
Deialdia argitaratzean jakingo dugu.
Buru-belarri zabiltza bizkar estiloan trebatzen?
Bai, baina denetarik entrenatzen ari naiz, proba guztietan hobetzeko. Europako Txapelketan demostratu nuen hori; izan ere, estilo libreko 100 metrotan ere marka ona egitea lortu nuen. Estilo guztietan hobetzen saiatzen nabil, baina bizkar estiloa perfekzionatzen ere bai, nire estilo indartsuena baita.
Entrenamendu karga handia duzu orain?
Udara gogorra izango dugu, bai, uztaila batez ere. Gutxinaka saio gehiago egiten hasiko gara, baina eguna gerturatu ahala gutxitzen joango gara, jokoetara %100ean iristeko.
Prestaketa guztia Donostian egingo duzu?
Guztia ez; Tokiora joan baino hamabost egun lehenago Bartzelonan elkartuko gara igerilari guztiok, burbuila moduko egonaldia egiteko. Hamabost egun horietan txandakako lasterketa entrenatuko dugu, aldaketak batez ere. Egonaldiaren ostean, abuztuaren 19an, Japoniara joango gara.
Nola eragin dizu zuri olinpiar zikloa urtebetez luzatu izanak?
Hasieran gogorra izan zen niretzat, ez genekielako zer gertatuko zen. Ezjakintasuna eta ziurgabetasuna handia zen hasieran. Nik ahalik eta kirol gehien egin nuen garajean, baina ezin genuen uretara joan. Hainbeste egun igeri egin gabe egon ginenez, jokoak atzeratuko zirela adierazi zutenean lasaitu egin nintzen.
Itxialdiak hein batean lagundu egin dit, nutrizioagatik batez ere. Betidanik kostatu izan zait ondo jatea, eta itxialdian txipa aldatzea lortu nuen. Ordutik askoz hobeto daramat ondo jatea.
Uretan nabaritu duzu nutrizioaren hobekuntza hori?
Bai, fisikoki ez naiz inoiz hain sasoi onean egon, eta horrek eragin handia izan du.
Nola ikusten dituzu aurkariak?
Estatubatuar bat beste maila batean dago, eta uste dut berak irabaziko duela urrea, nahiz eta gero edozer gertatu daitekeen. Bestalde, Munduko Txapelketan bigarren geratu zen australiarrak bere markak hobetu ditu, eta indartsu doa. Txinatarrek ere beti eramaten dituzte igerilari onak. Espero dut txapelketa ona egitea.
Koronabirusaren aurkako txertoa jarri dizute jada?
Bai, joan den asteartean jarri zidaten lehen dosia, Zaragozan, eta uztailaren 14ean jarriko didate bigarrena.
Osasun protokolo edo irizpideei buruz zerbait esan dizuete?
Oraindik ez digute gauza asko esan. Dakiguna da hamabost eguneko burbuila egonaldi bat egin behar dugula bidaiatu aurretik, baina askoz gehiago ere ez dakigu.
Jokoen aurretik beste txapelketarik izango duzu?
Printzipioz ez, baina gustatuko litzaidake uztailean txapelketaren batera joatea, hainbeste denbora lehiatu gabe ez egoteko.
Noiz hasi zinen igeri egiten?
Txikitan ikasi nuen igeri egiten, baina 9 edo 10 urterekin futbolean jolasten ari nintzela, elbarritasuna dudan hanka hautsi nuen, eta errehabilitazio moduan igeri egiten hastea gomendatu zidaten.
Asko gustatu zitzaidan, eta 2014. urtean hasi nintzen serioago hartzen; ordutik, egunero nago uretan.
Lesio asko izan dituzu?
Batzuk bai. Aipatu dizudana txikitan izan zen, baina 2016ko jokoetatik bueltan elbarritasuna dudan belauneko errotula izorratu nuen, eta urte zaila izan zen. Denbora asko egon nintzen entrenatu eta lehiatu gabe, eta bi ebakuntza egin zizkidaten. Hala ere, buelta eman nion, eta orain inoiz baino hobeto nago.
Rio de Janeiroko jokoetan zein postutan geratu zinen?
Estilo libreko 100 metrotan bederatzigarren geratu nintzen. Segundo eta erdiagatik ez nuen finalera sailkatzea lortu, baina oso esperientzia polita izan zen.
Zure sasoi onenean zaudela jakinda, finalen batera iritsiko zarela uste duzu?
Bai; hiru probatan finalera iristea gustatuko litzaidake, eta bizkar estiloan, berriz, podiumetik gertu egotea. Hala ere, 100 eta 400 metro estilo libreko finaletara iristea erronka polita da.
Igeriketaz gain, ikasketekin jarraitzen duzu?
Azken bi urteetan Tokioko jokoak prestatzea erabaki nuen, eta %100ean horretan zentratuta egongo nintzela. Hasiera batean urtebeteko geldialdia egiteko asmoa nuen, baina jokoak atzeratu egin direnez, ikasten hastea ere atzeratu egin dut.
Zer egiteko asmoa duzu?
Integrazio Sozialeko Graduan matrikulatuta nago jada, eta datorren ikasturtean hasiko naiz, jokoak amaitzean.