Chucho Valdesek eta La Locomotora Negrak jasoko dituzte Jazzaldia sariak
Jazzaldiak bere aurkezpen ofiziala egin du gaur, eta, besteak beste, Jazzaldia sariak jasoko dituzten artistak zeintzuk izango diren iragarri dute: Chucho Valdes musikaria eta La Locomotora Negra taldea. Euren ibilbide luzea aitortzeko emango dizkiete sariak. Valdesen kasuan, bere aita Bebok duela hogei urte jaso zuen sari bera, 38. Jazzaldian, eta kontzertu handi bat eskaini zuten orduan Chuchok eta Bebok. La Locomotora Negra big band katalanari dagokionez, aurten 50 urte bete ditu, eta bere ibilbideari amaiera ematea erabaki du.
Aipatzekoa da hasiera batean Chucho Valdes ez zela 56. Jazzaldian jotzekoa, baina gaur jakinarazi dute Arlo Parks eta Mulatu Astatke musikari britainiarrek Donostian eskaintzekoak ziren kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituztela. Izan ere, euren herrialdeak koronabirusaren inguruan ezarritako araudiaren arabera, Britainia Handira itzultzean berrogeialdia egin beharko zuten. Horrela, Valdesek Astatke ordezkatuko du Trinitate plazan hilaren 22an, eta Jose James izango da Parksen ordezkoa Kursaalean, hilaren 21ean. Bi kasuetan, sarrerak erosita zituztenek ez dute arazorik izango kontzertuetara joateko. Aldatu nahi dituztenek, aldiz, sarrera fisikoak badituzte, Viktoria Eugenia Antzokiko edo Antzoki Zaharreko leihatiletara joan beharko dute kontzertuen bezpera baino lehen. Internet bidez erosi dituztenek dksarrerak@donostia.eus helbide elekronikora idatzi beharko dute.
56. Jazzaldiak 60 kontzertu eskainiko ditu hilaren 21etik 25era, zortzi agertokitan: Trinitate plazan, Kursaalean, Viktoria Eugenia Antzokian, San Telmo Museoan, Txillida Lekun, Tabakaleran eta Kursaaleko bi terrazatan. Kontzertuen ia erdia, 29, doakoak izango dira, lau familientzako izango dira (Txikijazz zikloan) eta zortzi Espainiako Estatuko jazzaren JazzEñe zikloaren barruan eskainiko dituzte. Bestalde, Trinitate plazako bederatzi kontzertu eta Viktoria Eugeniako guztiak streaming bidez eskainiko dituzte; Jazzaldiaren webgunean, Youtubeko kanalean edo Guuk enpresarekin elkarlanean garatu duten aplikazioan ikusi ahal izango dira. Jazzaldiaren egitarau osoa jaialdiaren webgunean kontsultatu daiteke, baita sarrerak erosi ere.
Era berean, aipatzekoa da Heineken garagardo marka dagoeneko ez dela Jazzaldiaren babeslea izango; Keler izango da aurten.