'Donostia Berdea' sortu dute hiriko berdeguneak ezagutarazteko
Udaleko Ingurumen Departamentuak ‘Donostia Berdea’ bultzatu du, herritarrentzat oraindik ezezagunak diren berdeguneak ezagutarazteko asmoz. Izan ere, helburua da herritarrak animatzea uda honetan hiriko natura eta ekologia ezagutzera eta informazio gehigarria ikastera.
Cristina Eneako zaindariaren etxe zaharrean dago kokatuta, parkeko sarrera nagusian, eta Cristina Enea Fundazioak kudeatuko du; horrela, bertatik emango dute Donostiako eta inguruko berdeguneen berri. Jose Maria Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariaren esanetan, erreferentzia puntua izan nahi dute Donostiak duen altxor berde handiaren berri emateko, oharkabean pasatzen diren hainbat berdegune baitaude. Gauzak horrela, hiriko parke eta lorategiei buruzko era guztietako informazio osotua emango diete herritarrei.
Gaurtik irailaren 5era arte egongo da zabalik, ostegunetik igandera. Ordutegi murriztua izango du ‘proba pilotu’ bat delako, ikusi arte zer nolako harrera izaten duen. Eskaera eta herritarren interesak hobeto aztertu ondoren, datorren urtean berriz egingo dute. Uda honetako ordutegia ondorengo hau izango da: ostegun eta ostiraletan, 16:30etik 20:00etara. Larunbat eta igandeetan, 11:30tatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Informazio gunea irailaren 5era arte egongo da zabalik.
Cristina Enea Fundazioak nahi duenarentzat harremanetarako edota zalantzak argitzeko telefonoa eta helbide elektronikoa luzatu ditu: 943453526 eta cristinaenea@donostia.eus.