EH Bilduk Antondegiko surf parkearen proiektuaren aurkako kanpaina abiatu du
Martuteneko Antondegi gainan olatu artifizialen surf parke bat egiteko proiektuaren aurrean, EH Bilduk eremua ez artifizializatzeko eskatzeko kanpaina bat abiatzea erabaki du. Surf Park Antondegin? Ez, eskerrik asko! Naturaguneen artifizializazioari stop lelopean egingo dute kanpaina, eta Antondegiri eta proiektuari buruzko euren “gogoetak eta kezkak donostiarrekin partekatzea” izango da helburua, azaldu dutenez.
“2021eko abenduan egitasmoaren berri eman eta udal gobernuak Antondegiko muinoan surf parke bat egiteko baimena emateko prest zegoela iragarri zuenetik, eztabaida interesgarria sortu da hirian, eta esan behar da, gaur gaurkoz, herritar gehienak proiektuaren aurka agertu direla”, adierazi du EH Bilduk, eta gogoratu du egitasmoa “tramitazioaren aurreko faseetan” dagoela oraindik: “Horrelako parke tematiko bat Antondegin kokatu ahal izateko, beharrezkoa da Plan Orokorra aldatzeko prozedura hastea. Prozesu luze horretan, gutxienez, bi osoko bilkuretan EAJ eta PSE-EEko zinegotziek aldeko botoa eman beharko dute proiektua gauzatu ahal izateko”.
Horrela, nabarmendu dute kanpaina abiatu aurretik hainbat eragilerekin bildu direla: “Elkarte ekologistekin, Donostiako surflariekin, artean, Surfriderrekin (olatu artifizialen aurkako jarrera argia hartu duen Europako milaka surflari biltzen dituen fundazioa), bisita gidatua egin dugu eremuaren biodibertsitatea ezagutzeko, plataformarekin elkartu gara, martxoan Wavegardenek Aizarnazabalen duen instalazioan egon ginen, Aizarnazabalgo udaletxean eta Batzar Nagusietan ere izan gara, eta beste hainbat bilera egin ditugu”.
Era berean, azpimarratu dute Antondegiko proiektua udalak 2020ko martxoan onartutako Donostiako Larrialdi Klimatikoaren deklarazioaren aurkakoa dela: “Zehazki, Klima Larrialdiaren Adierazpenari lotutako ekintza proposamena dokumentuan, besteak beste, ondorengoa jasotzen da: ‘Lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea’. Hau da, Antondegin, EAJ-PSE-EEk deklarazioan aldarrikatzen dutenaren aurkakoa egin nahi dute”.
“Klima aldaketak izan behar du gure garapen ereduak birpentsatzeko aukera, baliabide naturalen erabilerak xumeagoak izan daitezen, baita gure inguruko ekosistemekin dugun harremana berriz ere pentsatzeko”, azpimarratu du oposizioko alderdiak, eta zera gaineratu du: “Uste dugu osasun krisia areagotu eta sakondu duen krisi ekonomikoak orain arteko lehentasunak berrantolatzera eraman behar gaituela. Eta lurren artifizializazioa horren adibide garbia da”.