Donostian gertatutako azken eraso homofoboen aurrean, Euskal LGTBI+ Behatokiak fiskaltzari esku hartzeko eskatu dio
Berriki, Donostian gertatutako bi eraso homofobok oihartzun handia izan dute euren larritasunagatik, eta Euskal LGTBI+ Behatokiak erasoak salatu ditu, baita fiskaltzari “ofizioz jardun dezala” eskatu ere, “hala badagokio”. “Tamalgarria iruditzen zaigu gure jendartean LGTBIfobia hain nabarmena izatea, baita gure kolektiboaren aurka egitea horren erraza izatea ere. Gizarte gisa egiteke dugun bidearen adibide garbia eta LGTBIfobiak egunerokotasunean dituen hamaika aurpegien erakuslea da. Erasotutako kolektiboak bere gain sentitzen duen presioa ez dute igertzen administrazioek, eta enpatia falta hau izan daiteke Euskal Euskal LGTBI+ Lege Integralik ez eta jarduteko protokolo espezifiko zein koordinaturik ez izateko arrazoia”, gaineratu dute. Aldarte, AMPGYL, Bizigay, Errespetuz, Gaylespol, Gehitu, Izanez, LGTBerri eta Naizen elkarteek osatzen dute behatokia.
Izan ere, bi donostiarrek azken egunotan jasandako eraso homofoboen berri eman dute Twitter sare sozialean. Alde batetik, Julbit erabiltzaileak publiko egin du Donostiako lau gizonen partetik sareetan jasandako erasoak: gizonek haien Twitcheko kanalean –plataformak kanala itxi die dagoeneko–, barreen artean, haien eskuekin “zenbat homosexual hiltzeko gai” ziren galdetzen zioten elkarri, eta etengabe jartzen zuten adibide gisa Julbit, zera baitzioten: “Zenbat homosexual hiltzeko gai zarela uste duzu bakarrik? Pentsatu, bakarrik zaude, biluzik, eta Julbit bezalako homosexualak dituzu ondoan. Zenbat hiltzeko gai izango zinateke?”.
Ondoren, beste donostiar batek joan den larunbatean jasandako eraso homofoboa publiko egin zuen, eta zioenaren arabera, neska batekin eserita zegoen Alderdi Ederreko aulki batean, eta ezagutzen zuen gizon bat eseri zen haien ondoan. “Beti niri iseka egiten didan baten anaia da”, gaineratu zuen, eta neska ukitzen hasi zela azaldu zuen. Orduan, liskarra hasi zen, eta “maritxu” deitu zion, baita “maritxu izateagatik hilko zaitut” esan ere. Neskak listua bota zion gizonari, eta azken honek “sekulako zartako bat” eman zion.
Horregatik, behatokiak erakundeei eskatu die “gertakari larru hauen inguruko ikerketak premiaz zabaltzeko”. Era berean, “detekzio, prebentzio eta erreparazio lanetarako beharrezkoak diren tresnak” exijitu dituzte.